Datorren uztailaren 12an Laudioko lehen zuzeneko musika maratoia jarriko da martxan. Herriko musika taldeen ezagutzari bultzada bat ematea duen proiektu honetan hamaika estilotako bandek hartuko dute parte. Datorren asteko larunbatean, arratsaldeko 20:00etan, Aldai plazan hain zuzen izango da zita eta, bertan, hiru laudioar talderen kontzertuez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Kontzertu bakoitzak 50 bat minutuko iraupena izango du.
Hurrenez hurren honakoak izango dira Aldai enparantzan entzuterik izango diren taldeak.
Livelüla: Miguel Ibarretxe laudioarrak martxan jarritako proiektua dugu honakoa, duela hiruzpalau urte martxan jarritakoa. Livelüla proiektuaren lehen urrats gisa dugu “Blue Sun” lehen diska, hamahiru piezaz osatua dagoena. Bertan, ambient, chill-out nahiz musika elektronikoa bezalako estiloak uztartzen ditu Ibarretxek, betiere, bere ukitu pertsonala emanaz.
SinMas: 2003an sortu zuten, desegin berriak ziren zenbait taldetatik pasa ostean, elkartzea erabaki zuten Joseba, Rikar, Goiri, Julen eta Erlantzek. Rock nahiz metal musiken arteko erdibideko estilo batean koka dezakegu euren musika euren esanetan. Dagoeneko euren laugarren diskoan ari dira lanean.
Inner Destinity: Eszenatokiz eszenatoki dagoeneko sei urte daramatzan banda dugu honakoa. Euren kideek bete-betean bizi dute heavy metala eta, era berean, heavy metalak eurek bizi dituela esan daiteke.