Mikel Moreno (Areta, 1991), nahiko gaztea izan arren, urte batzuk daramatza jada musika elektronikoaren munduan sartuta. Techno eta minimal estiloetako musika nahasten hasi zen, baina soinu berriekin esperimentatzen dihardu.
Nondik datorkizu musika elektronikoarekiko zaletasuna?
Zaletasun hori berri dela esan beharra dago. Ni reggae eta hip hop estiloen bidez hasi nintzen musikaren munduan murgiltzen, baina musika elektronikoa gauza berria izan da niretzat. Hasiera batean mota horretako musika zerbait arraroa iruditzen zitzaidan. Hasieran ezagutzen nuena bumping musika zen, “txunteroa”, eta ez nuen asko gustuko. Baina nire lagun baten aita DJa zen, eta berak eraginda hasi nintzen musika elektronikoa entzuten, house estiloa batez ere. Gauza gehiago ezagutzen hasi nintzen gero: techno, minimal eta horrelako musika... eta horretan gelditu nintzen eta horretan nabil orain.
Eta nola definituko zenuke zure estilo propioa?
Summit ezizenarekin jartzen dudan musika techno eta minimal estilotakoa da batez ere. Soinu sendoak, beltzak... indartsuak.
Zer artistek izan dute zure estiloan eragina?
Techno musikaren aldetik eragileak Adam Beyer, Joseph Capriati.... ezagunena Richie Hawtin izango litzateke. Eta gero soinu beltzagoak, minimal estiloaren ingurukoak: Marc Houle, Troy Pierce, Magda... horrelako artistak. Eta zigiluen aldetik batez ere Minus zigilua.
Gure zonaldean zentratuaz, zein esango zenuke dela soinu edo giro hoberena duen aretoa hemen ingurutik?
Azken urteetan niretzat Txitxarro izan da batez ere, eta bertan dagoen Second floor gela. Baina orain esan beharra dago Txitxarrok apur bat indarra galdu duela eta orain gogor dabilena Sonora da, dantzaleku berria, eta Laudiotik nahiko gertu dagoena.
Baina zuri non gustatuko litzaizuke zuzenean aritzea?
Joe, zelako galdera. Ez dakit, igual bazoaz dantzaleku batera eta ez da zuk espero duzuna eta gero lagunarteko festa batean erosoago senti zaitezke. Non gustatuko litzaidakeen jotzea? Ez dakit, oso urrun ikusten dut, asko lan egin behar da jaialdi garrantzitsu batean jotzeko, baina esatekotan Monegros edo Sonar jaialdiak esango nituzke.
Eta hemendik gertu, Aiaraldea edo Euskal Herri mailan?
Euskal Herri mailan niretzat Txitxarro izan da. Ni bertara nindoan parrandan, eta egun batean bertan jotzeko deitu zidaten. Eta hori niretzat kristorena izan zen, festa egiten nuen tokira beste modua batean joaten hasi nintzen.
Ez zenuen espero bertan jotzeko deitzea?
Ba ez. Hori gustuko duzu baina ez duzu espero. Eman dudan emanaldirik onena bertan egin nuena izan da seguru asko.
Eta gaur egun Euskal Herri mailan zeintzuk dira interesgarriak iruditzen zaizkizun ekoizle, hitzordu edo jaiak?
DJen aldetik nik erreferente moduan dut Ibailo. Donostiko DJa da, eta Txitxarron airtu izan zen bi urtez. Hortaz gain, Piek izeneko nafartar bat, Gernikako El Txef A hemendik kanpoko ezagunena da, Donostiako Kino International (honek musika nahastu baino zuzenean sortu egiten du)...
Durangoko gau elektronikoan ere parte hartu duzu, etorkizunera begira zeintzuk dira zure proiektu eta erronkak?
“Durangoko gau elektronikoak” proiektua amaitu egin zen, zoritxarrez, eta nik esango nuke Euskal Herri mailan nahiko jai indartsua izan zela, bai etorritako artisten aldetik zein bertaratutako jendearen aldetik ere.
Orain beste ezizen batekin nabil, beste mota bateko musika egiten. Musika elektronikoaren barruan sartu daiteke baina ez techno, minimal edo house estiloen baitan. Hip-hop-a dantzalekuetara eramateko musika da; trap, future... estiloen baitakoa. Ez dakit nola azaldu, azaldu baino musika hori entzun egin behar da.
Zergatik estilo aldaketa hori?
Ez da aldaketa, techno eta minimal estiloak jorratzen jarraitzen dut eta ez ditut utziko. Beste musika estilo bat jotzearren da. Estilo horrekin jotzen dudanean Mike Mo ezizenaren atzean ibiliko naiz. Duela bi urte ezagutu nuen estilo hori eta asko gustatu zitzaidan. Orain egunero musika berria entzuten nabil, oso-oso motibatuta. Hemen trap estilo oso gutxi ezagutzen da, Laudion trapero gutxi daude. Baina Orbeko Etxean eskaini genuen estilo horretako emanaldi bat Laudioko bi traperok eta giro ona sortu zen.
Eta nola erabakitzen duzu ze estilo jo?
Jaiaren arabera. Techno eta minimal jartzeko deitzen badidate hori jarriko du. Nire motibazioaren araberakoa izango da, hori ziur. Baina kontuan hartu behar dut non, noiz eta ze ordutan joko dudan. Aurreko DJak house estiloa jartzen badu nik ezin dut gero trap estiloko musika jarri, kontraste handiegia izango litzatekeelako.
[video:https://www.youtube.com/watch?v=-gdOrDQXgJM width:1080 height:720 align:center]