Laudio Top Zinema programaren eskaintza areagotuko duen proiekzio sistema digitalaz hornituko dute Udal Lanbide Heziketa Ikastetxeko zinema aretoa.
65.530 euroko inbertsioa burutuko du Udalak iraila aldera instalatzeko den ekipamendu berrian. Berrikuntzak formatu digitalean soilik banatzen diren filmak eskaintzeko aukera emango du. Denboraldi hasieran, iraila aldera, 19.380 euro erabili zituen Udalak zinema aretoko eserlekuak aldatzeko.
Bilduko gobernu taldeak Laudio Top Zinema programaren inguruko balorapena eskaini berri du, “beste urteekin alderatuta hileroko asistentzia nahiko antzekoa izan da aurten, baina maiatza aldera nabari ohi zen asistentzia jaitsiera ez da aurten gertatu” azpimarratu du Amets Meazak berton.
Laudio Top Zinema
3.000 eta 4.000 ikusle bitarteko emaitzak lortu ditu urtero Laudioko gazteria arloak babestutako ekimenak eta 2014an eskainitako 32 proiekzioetako ikusle batezbestekoa 80 ingurukoa izan da. “Zugarramurdiko sorginak” izan da ikusle gehien bildu duen proiekzioa aurten.
Laudio Top Zinema programa 2007an sortutakoa da. Proiekzioaren arabera, 2 edo 3 eurotan eskaintzen ditu sarrerak eta, gazteenei zinemara hurbiltzeko aukera bermatu aldera, adin guztietarako kalifikazioa duten filmak eskaintzen ditu beti.