Javier de Andrés Arabako Diputatu Nagusiak Lamuza parkeko Musika Etxearen konponketa lanen hasiera aste honetarako iragarri bazuen ere, oraindik ez da lanik abiatu bertan.
2013ko abenduaren 19an hesi batez inguratu zuten Musika Etxea, eraikina erortzeko arriskuak eragin zitzakeen ondorioak ekiditeko, eta otsaila aldera andamioak jarri zituzten segurtasun berme gisa. Lan txikietarako baimen eskaera bideratu zuen orduan (otsailaren 4ean) Aldundiko arkitektura zerbitzuko arduradunak Laudioko Udalean.
Aldundiko arkitektura zerbitzuak Musika Etxeak jasandako narriadurari aurre egiteko lanen memoria-aurrerapena iragarri badu ere, Laudioko Udalak ez du oraindik jaso aste honetarako iragarrita zeuden lanetarako baimen eskaerarik.
Laudioko Udalak bestetik ez du ezinbestekotzat jo baimen eskaera formala egitea Aldundiak bere ondasunetan beharrezkoak dituen konponketak abia ditzan.