Bozen bitartez erabaki dute San Roke Musika Elkartea izango dela aurtengo Laudioko jaien pregoilaria. 2012. eta 2013. urteetan ia lortu zuten ohore bera eskuratzea, bigarren geratu baitziren bozketetan.
Elkartearen ekimen garrantzitsuenak San Roke Musika Banda eta Musika Eskola dira. Musika Bandak hilean behin kontzertua eskaini ohi du. Orokorrean herriko artistak gonbidatzen dituzte haiekin aritzeko. Horren adibide da ekainaren 29an egingo duten emanaldia; Uztai Largatxa trikitilariak eta Itxarkundia Dantza Taldeak parte hartuko dute.
Kartelak
Bestalde, Laudioko Jaien kartelak zeintzuk izango diren erabaki dituzte. Gazteenen artean Lorea Alonso izan da irabazlea. 11 urte ditu Loreak eta Latiorroko Ikastatxea ordezkatu du. Nagusien mailan Aritz Fernandez de Agirre laudiarrak irabazi du.