20 urteko gaztea atxilotu du Guardia Zibilak Laudion, kokainarekin trafikatzearen akusaziopean. Iturri ofizialen arabera, korreo pertsonala erabiltzen zuen bere jardunerako. Horretarako, bidalketetaz arduratzen den enpresa baten zerbitzuaz baliatzen zen. Ohikoan bisuteria artean ezkutatzen zuen droga, antza. Eskuratutakoa Aiaran saltzen zuela jakinarazi dute iturri desberdinek.
Gazteak Bilbon du bizilekua. Poliziek pista jarraitu eta Laudiora korreoaren bila joango zenaren ustea izan zutenean, kanpoan itxaron eta irtendakoan atxilotu zuten, ondoren Sansomendira eramateko. Balore gutxiko lepokoen artean 590 gramo kokaina aurkitu zituzten, guztira 2300 dosi inguru osatzen dituztelarik.
Proben ebidentziaren aurrean, gazteari prebentziozko neurriak ezarri zizkioten. Hori dela eta, Amurrioko Epaitegitik pasa ostean kartzelara eraman zuten.