Laudioko Andaluzia, Extremadura, Galizia eta Gaztela-Leon Etxeek Herrietako Kultur Jaialdia ospatuko dute ekainaren 13tik 15era. Ohi bezala, musikak, folkloreak eta gastronomiak sustatuko dute egitaraua.
Txosna gunea ostiralean zabalduko dute 19:00etan. Herri ezberdinetako jaki eta edariak dastatzeko aukera eskainiko dute bertan asteburuan zehar. Ostiraleko programa Amigos del Swing orkestrak 20:30etik aurrera eskainiko duen dantzaldiarekin osatuko da.
Larunbateko eguerdiko programa 13:00etan hasiko da Itxarkundia dantza taldearen emanaldiarekin. Ondoren, Laudioko kofradiako presidenteak irakurriko du 13:30ean aurtengo jaialdiaren pregoia eta 14:00ak aldera, agintarientzako otamena eskainiko dute.
Arratsalde partean Txitxarrita Kutxufletak haurrentzako emanaldia eskainiko du 19:00etan. Amigos del Swing orkestra arduratuko da larunbat gaua girotzeaz. 21:00etan aurkezpen emanaldia eskainiko dute eta 23:00etatik aurrera dantzaldia.
Folklore jaialdia
Igande goizean Laudioko Etxe erregionaletako taldeen txanda izango da. Gaztela-Leon Etxeko San Fernnando taldea, Andaluzia Etxeko Algarabia taldea, Extremadura Etxeko Virgen de Guadalupe taldea eta Galizia Etxeko Espalladoiro taldea arituko dira emanaldian 12:00etatik aurrera.