Giza baliabidetarako plan estrategikoa onartu dute alkatearen kalitatezko bozari esker

Erredakzioa 2014ko eka. 2a, 17:15

Laudioko Udal Osoko Bilkurak giza baliabidetarako plan estrategikoa onartu du goizean. Bildu eta PPren aldeko bozekin egin du aurrera egitasmoak. PSE-EE eta EAJk aurka egin dute eta Omnia abstenitu da.

Lehen bozketan aldeko eta aurkako bozek berdindu egin dutenez bigarren txandan erabaki da onarpena. Bozak ez dira aldatu baina alkatearen kalitatezko bozak balio gehiago duenez plana onartu dute.

Laudioko Udal Osoko Bilkurak giza baliabidetarako plan estrategikoa onartu du goizean. Bildu eta PPren aldeko bozekin egin du aurrera egitasmoak. PSE-EE eta EAJk aurka egin dute eta Omnia abstenitu da.

Lehen bozketan aldeko eta aurkako bozek berdindu egin dutenez bigarren txandan erabaki da onarpena. Bozak ez dira aldatu baina alkatearen kalitatezko bozak balio gehiago duenez plana onartu dute.

Aldeko bozak

Iñigo Martinez Cerrillok azaldu du Bilduren iritzia. Plana babestu eta argudiatu du Laudioko Udalak behingoz lanpostuen balorazioa izango duela. Balorazioaren bitartez irizpide objektiboak ezarriko dira langileen eskubideak eta betebeharrak finkatzeko, zinegotziaren iritziz.

Balorazioarekin udal langileen egitura berria sortuko dute eraginkortasuna bermatzeko eta elkarren arteko koordinazioa sustatzeko. Gainera, euskararen presentzia areagotu nahi dute eta dedikazio esklusiboko karguak murriztu, udal gobernuak ez baitu uste guztiak beharrezkoak direnik.

Lanpostu berriak sortzeko aukera ere emango du plan estrategikoak. 4 lanpostu gehiagoren beharra bete nahi dute, bereziki gizarte ongizate arloan.

Paula Cuesta zinegotzi popularrak adierazi du lanpostuen balorazioa ezinbestekoa eta langileen eskubidea dela. Diru nahiko erabili da dagoeneko Cuestaren aburuz, bi enpresa ezberdin kontratatu baitira azken urteetan balorazioa egiteko eta “garaia heldu da balorazioa onartzeko.”

Popularrak gaineratu du langile bakarrak duela egun balorazioa eginda, administrazioarekiko auzitegira jo eta auzia irabazi baitzuen.

Kontrako jarrerak

PSE-EE eta EAJ alderdiek antzeko argudioak erabili dituzte. Alde batetik esan dute txosten tekniko ezberdinek zalantzan jartzen dituztela plan estrategikoak jasotzen dituen neurri batzuk. PSE-EEk salatu du udal langileei ezkutuko soldata igoera egingo zaiela.

Bi alderdiek azpimarratu dute Bilduk ez duela modu parte-hartzailean negoziatu eta inposiziotzat jo dute akordioa. Informazio falta ere aipatu dute. Bestalde, haien ustez balorazioaren ondorioz emango diren soldata igoerek udalaren bideragarritasun ekonomikoan eragin dezakete, 218.000 eurokoa baita.

Omniak bere web-atarian emandako emaitzak aipatu ditu eta abstenitu da.

Sindikatuak

ELA eta LAB sindikatuek udalarekin lortutako akordioa babestu dute. Behin eta berriro errepikatu dute soldatetan emandako aldaketa ez dela igoera, baizik eta lanpostuen balorazioaren arabera egin behar den egokitzapena. Modu berean, gogoratu dute 2010ean murriztu zitzaiela soldata %2,85ean eta 2011n %5ean. 2012an gabonetako ordainsaririk gabe ere geratu ziren.

Askotan ere azaldu dute prest egon direla alderdi ezberdinekin hitz egiteko eta negoziazioen berri emateko, baina haiek esandakoaren arabera, inork ez die deitu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide