Ekainaren 7an talde ezberdinek batuko dituzte bere indarrak Lamuza Parkea berpizteko. Jai eta lan eguna izango da eta bere izena “Parkea bizirik!” da.
Musika Etxearen auziaren harira jaiotako SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak auzolana deitu du goizeko 10:00etan. Eguerdian luntxa egingo dute.
Bestalde, Gazte Asanbladak umeentzako tailerrak eta graffiti tailerra antolatu ditu Skate pistan 16:30ean. 19:30ean, aldiz, Skate eta graffiti erakustaldia gauzatuko dute. Arratsaldean zehar Aiaraldea Sound System kolektiboak musika emanaldia egingo du.
Auzolanerako proposamenak
SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak herritarren partaidetza sustatu nahi du parkearen zaintza bultzatzeko. Horretarako bere facebook profilean herritarrek helarazi dituzten iradokizunak jaso eta zabaltzen ditu. Ideiak bidaltzeko epea oraindik irekita dago.
Auzolanean ez dira lan bereziki zailak egingo, jende orok parte hartzea nahi baitute antolatzaileek. Zailtasun tekniko gutxiko konponketa eta garbiketa lanei aurre egingo zaie eta Udalak asegurua kontratatu du, Arrañoko auzolanean egin duen moduan. Udalak bitartekoak ere emango dio plataformari: materialak eta lan egiteko tresna ezberdinak.