Laudioko Udaleko bozeramaile den Koldo Zabala zinegotziak Lamuza Parkeko kasinoan aurrera eramaten ari diren egokitzapen lanen berri eman du. Haren esanetan teknikariek konpoketen aurreikuspen bat egin dute, euren hasierako asmoa eraikina funtxatzea bazen ere, hots, kableekin eta bestelako elementuekin eraikinari egonkortasuna ematea, azkenean argi geratu da kasinoaren beraren egoerak ezinezkoa egiten zuela honakoa. Horren ordez, arrakalaturiko egiturak botatzea eta berreraikitzea erabaki dute.
Zabalak, gainera, Arabako ahaldun nagusiaren adierazpenak ezeztatu ditu. Javier de Andresen arabera ideia lehiaketa bat martxan jartzekoak ziren eraikinari zein erabilera ematea erabakitzeko, aldundiaren bulegoak bertan kokatzeko aukera ere esku artean zeukatela zioen, baita 2015eko aurrekontuetan partida bat bideratuko zela kasinoaren berreraikitzerako. Koldo Zabalak baina, aldundiak inolako proiekturik pasa ez diela esan du eta De Andresen adierazpenek datorren urteko udal eta foru hauteskundeei begirako interes elektoral bat izango zutela intsinuatu ere.