“Ez dakit zehazki nola hasi nintzen idazten. Hori bai, behin hasita jada ez duzu uzten”

Txabi Alvarado Bañares 2014ko mai. 25a, 00:00

AMADO GOMEZ UGARTEk (Laudio 1956) eleberri motzen Gabriel Sije Saria irabazi berri du. 24 herrialdetako 478 lanen artean atera da garaile. Ez da, baina, ez irabazi duen lehen saria, ez eta argitaratzen duen lehen liburua ere.

AMADO GOMEZ UGARTEk (Laudio 1956) eleberri motzen Gabriel Sije Saria irabazi berri du. 24 herrialdetako 478 lanen artean atera da garaile. Ez da, baina, ez irabazi duen lehen saria, ez eta argitaratzen duen lehen liburua ere.

Gabriel Sije saria irabazi berri duzu. Zure ibilbide literarioa beste sari batekin hasi zen...
Bai, Illinoiseko Unibertsitatearen umeentzako gaztelerazko literatura lehiaketa batean izan zen. Sarietako bat eskuratzeko aukera izan nuen Bidaia Ahaztezina liburuarekin. Elkar argitaletxeak gero euskarara itzuli eta argitaratu zuen gero. Hura izan zen komertzialki argitaratu nuen lehenbiziko liburua.

Nolatan Illinoisen? Zergatik horren urrun?
Ez dakit, gazteagoa eta zoroagoa nintzen. Interesgarria iruditzen zitzaidan Ipar Amerikako unibertsitate baten argitalpena izatea... halako kontuak.

Horren ostean umeentzako beste bi liburu argitaratu zenituen...
Bai, Elkarrek umeentzako nire beste bi liburu euskarara itzuli eta argitaratu zituen: Ni eta nire kontuak eta Ni eta nire metroa. Ondoren utzi egin nion umeentzako literatura idazteari, eta helduentzako literaturan zentratu nintzen gehiago.

Eta nolakoa izan zen umeentzako idaztetik helduentzako idaztera eginiko salto hura?
Bikaina. Niri umeentzako literatura asko gustatzen zait, baina helduentzako idaztean askeagoa zara, zailtasun gehiago hartu ditzakezu. Eta niri asko gustatzen zait hori.

Helduentzako hainbat liburu argitaratu dituzu, hainbat argitaletxerekin. Nolakoa ikusten duzu izan dela zure bilakaera?
Beti argitaratu izan dut argitaletxe txiki eta independenteetan. Liburu bakoitza zerotik hastea bezala izan dela nabaritu dut, liburu bakoitza hasiera bat izango balitz bezala. Erronka moduko bat da, beraz. Argitaletxe handien parte ez garen idazleok argitaletxe txikietara jotzen dugu, izen handiko autoreak baino kalitate literarioa bilatzen dutenetara.

Hala, beti gabiltza testua argitaratuko diguten ala ez jakiteke. Askoz konplexuagoa eta zailagoa da baina, maila pertsonalean, argitaratzen dizuten bakoitzean poztasun itzela hartzen duzu, argitalpen bakoitza sari bat izango balitz bezala.

Ibilbide oparoa egin duzu jada...
Argitaratzea gero eta zailagoa dela uste dut. Argitaratzen diren aleen kopuruak murrizten ari dira, gehiegi daudelako. Eta idazleak ez diren pertsona ospetsuen gero eta lan gehiago argitaratzen ari dira. Eta horrek gero eta ate gehiago ixten dizkio benetako literaturari, testuaren literaturari.

Laudion hazi eta hezitakoa zara. Eraginik izan du horrek zure lanetan?
Inguruan duzunak beti eragiten dizu. Dena den idazle bat bera dela uste dutenetakoa naiz ni. Idazle bat ez da beste batetik ezberdintzen ez bizi den lekuaren, ez erabiltzen duen hizkuntzaren ez eta beste edozein faktorerengatik. Bere estiloak ezberdintzen du, istorioak kontatzeko duen moduak.
Ezerk ez ditu euskarazko, gaztelerazko, ingelesezko edo frantsesezko idazleak elkarrengandik bereizten. Eta horietako edozeinek beste edozein herrialdetan arrakasta izan ahalko luke itzulpen on batekin, kalitatea egonda betiere.

Badaude Laudio zein Aiaraldeko beste idazle batzuk. Nolakoa dela ikusten duzu eskualdeko literatur mugimendua?
Bitxia bada ere, zonalde hau (Laudio erdigune moduan hartuta) loratzen dagoela uste dut nik. Gasteiz hiriburua izango da, baina kultura mailan Laudio eta Aiaraldea gainetik daudelakoan nago. Hemen kultur mugimendu bat dagoela esango nuke. Badago literaturan, antzerkian, pinturan, zinean... interesa duen jendea.

Inframundos da argitaratu duzun azken lana. Proiektu berririk buruan?
Lan berri bat bukatzen nabil, Gabriel Sije saria irabazi duen eleberriaren antzeko garai historiko batean girotua egongo dena. Baina Bilbotik hurbil girotua egon beharrean hemen girotua dago, Aiaraldean, leku erdi irudimenezko batean. Jauntxoen familia bat izango da protagonista, eta familiako kideek morroiekin eta auzokideekin dituzten harremanak izango dira eleberriaren oinarria. Amurrio, Laudio... inguru hau azalduko da. Los verdes campos izango du izenburu eta azken zuzenketak egiten nabil momentu honetan.

Eta noiz argitaratzeko asmoa duzu?
Atzetik argitaletxerik ez duen idazle independente bat naiz. Ezin dizut galderari erantzun, beraz. Baliteke sari bat irabaztea, edo ez irabaztea, edo Tenerifeko edo Illinoiseko argitaletxe batek kaleratzea... Euskal Herriko argitaletxe batek kaleratzearen miraria ere gertatu ahalko litzateke.

Bukatzeko, nondik datorkizu literaturarekiko interesa?
Irakurtzetik. Gaztea nintzenean Altxorraren uhartea eleberri tipikoa heldu zen nire eskuetara, hori izan zen “tximista”. Istorio zoragarri bat da liburu horrek kontatzen duena, eta irakurlearengan interesa sorrarazteko behar den guztia dauka.

Asko hitz egin daiteke honen inguruan eta ondorio garbirik atera gabe. Zergatik hasten zaren? Ez dakit. Hori bai, idazten hasten zarenean jada ez duzu uzten. Maldizio moduko bat da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide