Azken urteetan ohikoa den moduan, Maiatzaren azken Igandean, aurten Maiatzaren 25ean hain zuzen, Aretako Enkantea ospatuko dute. Eguerdiko 12:00etatik aurrera Aretako plaza berrian ikusgai egongo dira eskuragai izango diren produktu guztiak; jakiak, jostailuak, kamisetak musika CDak eta bestelako produktuak besteak beste. Edari eta pastelak ere ugariak izango dira, baita itsaski-jana ere.
12:30etatik aurrera eta meza ostean, enkanteari hasiera emango diote eta aukeratutako produktuen alde egiteko unea izango da. Era berean, merkatu txiki bat egongo da hainbat produkturekin eta oso prezio onean. Horretaz aparte, goiz guztian zehar pandero joleak ibiliko dira kalejiran eta eguerdi partean, plazan, txosna zabalik egongo da pintxo eta edariekin.
Elkarlanean
Aurtengoa, enkantea ospatzen den 5. urtea da eta aurrera atera ahal izateko ezinbestekoa da herriaren laguntza. Izan ere, bertan egoten diren produktuak jendeak, denden eta enpresek ematen dituztenak dira. Hortaz, dirua biltzeko eguna izateaz gain, jai eguna ere bilakatu da Aretan eta guztion elkarlanarekin jaiei bultzada bat ematen saiatzen dira.
Hala ere, jarduera honen helburu nagusia jaietarako dirua lortzea da, Santa Ana jaiak ez ezik, urtean zehar egiten diren beste hainbat ekimen aurrera ateratzea lortzen dute, egun honetan lortzen duten diruari esker.