Laudioko EAJko udal taldeak Arantzarren kokatua dagoen kamioi aparkalekuaren gaineko zainketan sortu izan diren arazoak konpondu ditzan eskatu dio Bilduko udal gobernuari, baita aparkaleku honetara baimenik gabe inor sar eta aparkatu ez dezan beharrezko neurriak hartzea, besteak beste, matrikulen irakurketa automatikoa egingo duen teknikaren baten inplementazioa.
EAJko bozeramaile orde den Maider Bazterra Ibarretxek gogorarazi die, Arantzarreko aparkalekuko udal araudiaren arabera, debekaturik dagoela baimenik gabeko auto eta ibilgailuek bertan aparkatzea eta udalak gerta ez dadin neurriak hartzeko erantzukizuna duela. Zainketaz aparte udalak aparkalekuaren kudeaketa eta garbiketa ahalbidetzeko betebeharra du, modu zuzenean edo helburu horretarako enpresa bat kontratatuz egin dezakeelarik.
Jarduera horiek udalak kontrataturiko “Vigilancia Parking Camiones” enpresari dagozkio, zeinak lau urterako hitzarmena daukan 711.516,11 euroren truke.