Athletic Club-eko medikuntza-zerbitzuetako buruak, Josean Lekuek, hitzaldi bat emango du bihar, hilak 15, Laudioko Kultur Etxeko Arraño aretoan, CD Laudiok antolatuta. Bertan, klubetik azaldu dutenez, “gure eguneroko bizitzan gero eta garrantzi handiagoa” duen kirol-nutrizioaz jardungo du. Berarekin batera Laudioko lehenengo taldeko Gaizka Bergara jokalaria izango da hizlari.
Josean Lekuek ibilbide profesional oparoa du kirol-munduan, izan ere, Athletic Club-en aritu aurretik (2007 dabil lan horretan) EHUko kirol-zientzietako fakultatean irakasle izan zen urte luzez, bai eta Getxoko Fadura goi-errendimenduko zentroko arduraduna. Lekue aditu handia da elikadura-kontuetan, eta betiko ohitura osasungarriak berreskuratzearen aldekoa.
Hitzordua 19:00etan izango da, esan bezala, Lamuza parkean dagoen Kultur Etxeko Arraño aretoan.