Laudioko PSE-EEk martxoko udalbatzan onartutako bizikleten erabilpena arautzeko ordenantzarako arrazoibideak aurkeztu ditu.
Sozialistak taldearen ekimenak baldintza berriak gehitu nahi ditu bizikleten erabilpena oinezko esparruetan baimentzeko. Alkatetzak ezarri ahal izango dituen salbuespenek, besteak beste, segurtasun irizpideak, oinezkoen mugikortasunarekin bateragarria izatea edo espazio publikoek eskaini beharreko gutxieneko kalitate baldintzen bermea, izan beharko dute kontutan PSE-EEren ustez.
Horrez gain, bizikleten erabilpena espaloietan baimentzeko baldintzak aldatu nahi ditu proposamenak. 3 metroko gutxieneko zabalera ezartzea proposatu du PSE-EEk, beti ere baimendutako espaloiak 2 metro gutxienez oinezkoei utziz gero. Bizikletadunek eraikinetatik gorde beharreko distantziari dagokionez, martxoan onartutako ordenantzak ezarritako metro bateko gutxienekoa metro eta erdira luzatzeko arrazoibidea aurkeztu dute.
Aurau-hausteak
Bestalde ordenantzan arau-hausteak zuzentzeko atala gehitzea proposatu du Txaro Sarasuaren taldeak. Banatutako prentsa-oharrak ez du erredakzio zehatzik adierazten ordea, eta zigor arin eta larriak definitu beharra eta bakoitzari dagokion isuna ezarri beharko duen artikulua izan behar dela zehaztu du soilik.
Azkenik, Udalak ordenantzaren berri emango duen informazio kanpaina zabalduko duela ordenantzaren xedapen iragankor batean gehitzeko proposamena egin dute.