Apirilaren 23an dekretu bidez adostu zen moduan, Laudioko Udala saiatu da gaur Latiorroko antena ixten. San Martinen Telefonicak duen azpiegiturara hurbildu dira goizeko 09:00etan Koldo Zabala zinegotzia, bi udal langile eta bi udaltzain. Telefónicako hiru ordezkarirekin topo egin dute eta hauek debekatu diete sarrera.
Enpresaren hiru ordezkarik adierazi dute agindu judiziala izan ezean ez diotela Udalari baimenik emango antena ixteko.
Administrazioarekiko auzien epaitegia
Udalak hartutako erabakiaren aurka administrazioarekiko auzien epaitegira jo du enpresak eta egun gutxi barru epaileak ebatzi behar du antena itxiko den edo zuhurtziaz indargabe utziko duen itxiera.
Udalaren iritzia
Koldo Zabalaren ustez argi geratu da Telefónicak ez duela laguntzeko asmorik eta Bilduren konpromisoa berretsi du. Zabalak esan du Latiorroko biztanleek antena ixtea nahi dutela eta asmo hori mantenduko dutela. Bestalde, espero du epaileak herritarren nahiaren alde egitea eta antenaren itxiera erraztea.