C.D Laudio Futbol Kluba hirugarren mailara jaitsiko da berriz, aurten 2.B mailan jokatzen ibili eta gero. Las Palmasen aurka 0-2 galdu zuen larunbatean, eta emaitza horrek nahitaezkoa bilakatu du jaitsiera. Las Palmasen bi golak ia jarraian izan ziren, partiduaren azken unean, 74 eta 78. minutuetan hain zuzen.
Gauzak hala, C.D Laudio 37 punturekin geratu da, jaisteko arriskua duen Atletico de Madrid B-k baino 4 puntu gutxiagorekin.
Hala eta guztiz ere, oraindik partidu bat jokatzea falta zaio taldeari. Ellakuriko zelaian izango da azken norgehiagoka, Toledoren aurka, maiatzaren 11an, igandea, arratsaldeko seietan.
Egoera ekonomikoa
Klubaren egoera ekonomikoa ere ez da ona. Horregatik taldearen egoera ekonomikoari aupada emateko bazkide eta zaleekin batera zenbait ekimen egingo dituela iragarri du klubak.
Era berean, herritarren idei eta proposamen anitzak entzutera zabalik dagoela jakinarazi du komunikatu baten bidez eta hurrengo asteetan egingo diren zenbait ekitaldiren berri ere eman du, denak ala denak klubak bizi dituen diru arazoak saihestera bideratuak.
Ekimenen artean maiatzaren 1etik 4rako egunetan Aldai Plazan antolatu dute C.D. Laudioko I Feria egon da. Etxeko produktu artisau zein gastronomikoak, klubaren promoziozkoak, gazteentzako jolaslekua, pulperia, taloa dastatzeko txokoa eta txosna ez ziren falta izan herritarrak hurbilarazteko.
Horrez gain, pintxopoteetan C.D. Laudioko ardoa eta txakolina noizean behin ateratzeko proposamena mahai gainean jarri dute, kontu korronte huts bat zabaltzekoa non nahi eta posible duenak ekarpena egin dezakeen, edota zehazteke dauden kontzertu eta festak antolatzekoa. Bestalde, Futbol-7ko SanMartineko txapelketa berreskuratu nahi du C. D. Laudiok eta ekainaren 2tik uztailaren 6ra bitarteko datak aurreikusi ditu lehiaketarako.
Horrenbestez, gehiago proposatuz, txosnetan txandak betez edota San Martineko Futbol-7 txapelketarako kartela diseinatuz helarazi daiteke klubak eskatu duen laguntza hori eta horretarako zein edozein zalantza argitzeko ahalbidetu du laudio@cdlaudio.net posta elektronikoa.