Hiru urte bete dira Laudioko Udalbatzak Telefonicak Latiorron duen antena lekuz aldatzea adostu zuenetik. Bi urteko epea eman zitzaien arren prozesua luzatu egin da, Udalaren esanetan, enpresak inongo interesik erakutsi ez duelako. Udaletik, aldiz, saiakera anitzak egin direla jakinarazi dute.
2013ko urtarrilean agortu zen antena aldatzeko epea. Hala ere, abendura arte, eta tartean, beti udal gobernuaren arabera, hitz egiteko gonbitea luzatu arren, ez zen ixteko agindu irmoa eman. Hori dela eta, 2014ko apirilean Telefonicak helegitea aurkeztu du. Enpresaren arabera, antena lekuz aldatzeak bezeroentzat kalteak eragingo ditu.
Udalak, bere aldetik, 10 egun ditu Gasteizko administrazioarekiko auzien 3 zenbakidun epaitegiari gaiaren inguruko informazioa eta hartutako neurriaren arrazoiak helarazteko. Jakinarazi dutenez, egindako bidearen inguruko azalpena auzo asanbladan eman eta auzokideek aho batez antena ixtearen aldeko erabakia berretsi ostean, tinko mantenduko dira hartutako erabakian.