“Buruak eta hankek huts egiten ez badidate urte askoz ibiliko naiz mendi lasterketan”

Aimar Gutierrez Bidarte 2014ko mai. 5a, 11:07

PELLO MORENO MARTIN (Areta, 1996) hainbat mendi lasterketetan atera da garaile. Euskadiko kopako lehen lasterketan lortu du bere azken garaipena. Iazko Euskadiko txapelketan bi modalitatetan atera zen garaile.

PELLO MORENO MARTIN (Areta, 1996) hainbat mendi lasterketetan atera da garaile. Euskadiko kopako lehen lasterketan lortu du bere azken garaipena. Iazko Euskadiko txapelketan bi modalitatetan atera zen garaile.

Nola hasi zinen mendi lasterketetan?
Txiki -txikitatik mendia oso gertu izan dut, gurasoekin askotan joaten nintzen eta beti izan dut gustuko.
Mendia hurbil edukitzeagatik eta korrika egitea gustuko nuelako hasi nintzen mendi lasterketetan. Orain dela lau urte hasi nintzen, asteburutan mendira joaten nintzen korrikan; trailean lehiatzen, ordea, urte bat daramat, Amurrioko Trail taldean sartu nintzenetik, hain zuzen.

Zenbat txapelketetan ibili zara, nolako lorpenak egin dituzu bertan?
Pasa den urtean, kadete kategorian, Euskadiko txapelketan ibili nintzen, kilometro bertikalen txapelketan zein lasterketa arrunten txapelketan, bi hauetan garaile atera nintzen, Espainiako kopako hiru bat lasterketatan parte hartu nuen eta azkenik Espainiako txapelketetara lehiatzera joan nintzen. Espainiako txapelketa oso esperientzia polita izan zen, Euskal selekzioak deituak joan ginen Vilaller aldera eta lehiaz aparte korrikalarien arteko elkar harremana landu genuen, asteburu polita izan zen.

Aurtengo denboraldiari dagokionez bi lasterketa izan ditut momentuz. Euskadiko kopako lehenengo lasterketan egin nuen korrika eta bertan lehen postua lortu nuen.

Apirilaren bigarren astean, ordea, Huesca aldean izan nintzen Espainiako kilometro bertikaleko kopan parte hartzeko. Lehia oso gogorra izan zen eta 7. postua lortu nuen, hala ere paraje eder batean ibili ginen mendi ikaragarrien artean, oso esperientzia polita izan zen.                                         

Zelako entrenamenduak egiten dituzu?
Denboraldiaren zatiaren arabera aldatzen ditut entrenamenduak. Hasieran gehienbat gimnasioan pesak eta abar egiten dira.
Denboraldiak aurrera egin ahala astean bost edo sei egunetan entrenatzen dut eta mendian ibiltzeaz aparte errepidean korrika egitea, bizikletaz ibiltzea edo igeriketan egitea ere garrantzitsua da oinarri fisiko on bat eskuratzeko.

Amurrioko Trail taldean jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, ez dut taldez aldatzearen ideia buruan. Oso gustura nago Amurrioko Trail taldearekin, Euskal selekzioak deitzen nauenean beraiekin korrika egiten dut, 30 bat lagun gara Amurrioko taldean eta momentuz ez daukat inora alde egiteko asmorik.

Nolako bilakaera izan du trail-ak azken urteetan?
Mendi lasterketa azken hamar urtetan indarra hartu duen modalitatea da. Gizartean oso errotuta dago mendizaletasuna, Euskal Herria adibide argia dugu, eta lehia uztartzeko bidean mendi lasterketak irtenbide polita zirela ikusi zen, BTTn eta beste modalitate batzuetan egiten zen bezala. Azken urteetan gehien hasi den kiroletako bat da.

Nolako harrera izan dute mendi lasterketek mendi komunitatean?
Orokorrean harrera positiboa izan dute, baina badira mendi lasterketak gustuko ez dituzten mendizale “puristak”. Egia da 200 pertsona leku berdinetik korrikan pasatzea kaltegarria izan daitekeela baina azken aldian jendea geroz eta kontzientziatuagoa dago eta indartuz doa mendiaren eta naturaren defentsa.

Nola ikusten duzu Aiaraldean mendi lasterketen egoera?
Gazte gutxi bagara ere, kategoria nagusiagoetan maila oso altuko korrikalariak dabiltza, estatu mailan gorenean dauden korrikalariak.
Gorantz doan kirol bat da, nik uste urteak pasa ahala geroz eta jende gehiago bertaratuko dela. Hala ere momentuz afizioa nahiko eskasa da eskualdean hainbat talde badaude ere (Amurrio, Orozko...)

Denbora libre aldetik zer kendu eta zer eman dizu kirol honek?
Denbora gehiena gustuko duzun zerbait egiten pasatzen duzu eta azkenean ez zaizu hain gogorra egiten.
Askotan lagunak festan dabiltzan bitartean zu etxean zaude hurrengo eguneko lasterketaren zain, baina lasterketetan ere asko disfrutatzen da eta bietatik bat aukeratu behar banu mendia aukeratuko nuke zalantzarik gabe.

Noiz arte espero duzu mendi lasterketetan jarraitzea?
Espero dut urte luzez hemen jarraitzea; hankek uzten badidate eta mentalki sendo jarraitzen badut urte askoz ibiliko naiz mendi lasterketetan; ikusiko da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide