"Halakoa izan da operazio osoa, zirkua"

Erredakzioa 2014ko api. 29a, 18:23

 

 

AITOR MARTINEZ (Laudio, 1988) Guardia Zibilak atxilotu du Estatu Espainiarreko hainbat tokitan egin duen operazioan. Oraindik ere ez daki zehazki zergatik atxilotu duen baina bere ikuspuntua azaldu du gertatutakoaren inguruan.

Zer leporatzen dizute?

Jakinarazitakoaren arabera "terrorismoari gorazarre" egitea leporatzen didate.

 

 

 

AITOR MARTINEZ (Laudio, 1988) Guardia Zibilak atxilotu du Estatu Espainiarreko hainbat tokitan egin duen operazioan. Oraindik ere ez daki zehazki zergatik atxilotu duen baina bere ikuspuntua azaldu du gertatutakoaren inguruan.

Zer leporatzen dizute?

Jakinarazitakoaren arabera "terrorismoari gorazarre" egitea leporatzen didate.

 


Zer nolako irakurketa egiten duzu zure atxiloketa eta sarekadaren inguruan?

 

Komunikabideetan twitter eta facebooken inguruko operazioa dela zabaldu badute ere, atxilotutako zenbaiten profil zehatzak begiratuta bere kabuz erortzen den argudiaketa dela ikusten da.

Ofizialki hori izan zen esan zidaten bakarra, deklaratu ez izanagatik ez baitzidaten nire delituen berri eman. Hala ere, kanpotik jaso dudan informazioaren arabera, ENAMeko kide izatea eta Topatu.infon idaztea leporatzen didate.

Hori dela eta, eta honetara dator profil zehatzena, sare sozialetakoa errezel bat izan dela deritzot, benetan seinalatuta gintuztenetatik apur batzuk atxilotu eta justifikatzeko.

Azken finean nire irakurketa bestelakoa da: hemen adierazpen askatasunaren aurkako arazo larria egon da, eta, operazioa, atxilotuei baino, atxilotuak izan ez direnei zuzendua dago, beldurra sartu eta euren ekinbidean kikiltzeko.

Nola izan zen atxiloketa?

Bilbon atxilotu ninduten, Termibusen. Buelta eman eta bi gizon nituen dokumentazio eske. Ateratzen ari nintzela izena galdetu eta berehala haiekin joateko eskatu zidaten.

Nora eta zeintzuk ziren galdetu nien.

Plakarik ez, identifikatzeko eskatu eta guardia zibilak zirela esanda, nire kabuz ala bilurrak jarrita bortizki eramango nindutela esan zidaten. Sinestea izan nuen aukera bakarra, nora eramango ninduten jakin gabe ere. Kotxe bat agertu zen ezerezetik.

Denak kalez jantzita zihoazen. Sartu eta bidai osoa izan ninduten behera begira, Gasteizera, Sansomendira, heldu arte. Bertan hartu nion zirku honi neurria, bulegoko paretan "delitos tecnologicos" irakurtzean. 11 orduz izan ninduten ziegan sartuta. Aurpegia estalirik duen gizon bat orduro zerbait behar genuen edota nola geunden galdetzen izateak surrealismoaren puntu gorena jotzen du.

Hantxe gintuzten, itxita, inongo argibiderik eman gabe, baina onaren aurpegia jarrita. Halakoa izan da operazio osoa, errezela, zirkua. Eta txarragoa dena, lehena izan nintzen hara heltzen, ezer jakin gabe, ezta bakarra izango ote nintzen ere, bigarren bat heldu zen arte, ordu batera edo gehiagora.

Ez zenuen deklaratu, ezta?

Ez nuen deklaratu ez. Aurretik deklaratu zuen batek eta ustezko probak erakutsi zizkioten, abokatuak esandakoaren arabera. Niri, ordea, ez. Abokatuak jakinarazi zidan oraindik proba bila ari zirela.

Aurrena seinalatu, atxilotu, eta ondoren zergatia eraiki, antza. Hori da nire ustea. Han ez zegoen defentsarako eskubiderik. Abokatuak berak erruduntzat izan ninduen, proben berri izan gabe ere. Han nengoela zerbait egin nuelako zela esan zidan. Ea ETAren anagramaren bat jarri nuen galdetu zidan, eta nik ezetz. Orduan arrano beltza edota amnistiaren aldeko ikurra jartzeagatik izango zela esan zidan, espekulazio ariketa dramatikoan. Han ez zeuden terrorismoari gorazarre egitea epaitzen, hori argi izan.

 


Zein da orain zure egoera?

Nire egoera sartu nintzeneko berdina da: galdera ikurra. Ez didate ezer esan, ez dakite non epaituko gaituzten, ezta noiz. Edo behintzat ez digute esan nahi. Mugikorra kendu didate, gainean neraman ordenagailua eta usb memoria ere. Biluzten zaituzte eta etorkizun osoa baldintzatu, hobeto datorkien momentuan. Hala ere, nirean jarraituko dut, lan publikoan, orain arte bezala, ezerretik ezkutatu beharrik gabe. Hauxe omen da aske izan nahi duenak ordaindu beharreko peajea.

 


Heldu zaizu Laudion egondako mobilizazioa?

 

Laudioko mobilizazioaren berri irten eta berehala eman zidaten, Gasteizko kide batzuek (biba zuek!). Hala ere atarian bertan bideoa eta albistea jarraitu ditut, hala nola lagunekin paseoan herriko kaleak ere. Nire aldetik eskerrik beroena guztiei, beti elkartasuna eta berotasuna transmititzeko prest dauden horiei, ameslariei eta uneoro injustizia oro salatu eta sentitzeko ezaugarri berezi horren jabe direnei. Zuek bai bereziak, zuek bai handiak! Mila esker!

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide