Telefonica enpresak Laudion duen dendako langileek gezurtatu dute bezeroentzako 3G konexioa etengo denik. Beharginek azaldu dute hedabide batzuek zabaldu dutena ez duela zentzurik. Haien ustez enpresak 3G konexioa kenduko balu, jakinaren gainean egongo lirateke, 4G konexioa oraindik ez baitute guztiz hedatu herrian.
Gaia Laudioko Udal Osoko Bilkuran agertu da, Txaro Sarasua sozialistak udal gobernuko kideei galdera egin baitie erregu eta galderen txandan. Sarasuak galdetu die Bilduko kideei zer edo zer zekiten tokiko hedabide batek plazaratutako informazioari buruz. Albiste horren arabera Telefonicak 3G konexioa etengo du maiatzean.
Natxo Urkixo alkateak azaldu du hori gertatzekotan enpresaren arazoa izango litzatekeela Latiorroko antenaren itxiera prozesua luzea izan baita.Bestalde, alkateak gaineratu du Udalak ez dakiela ezer horren inguruan.