Eusko Jaurlaritzak Udalen eskuetan enplegu politikak sustatzeko diru kopuru bat jarriko duela iragarri du. Erabakia 2013ko urrian hartu bazen are, ordutik ez da martxan jarri. Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak prozesuaren inguruko balorazio kritikoa egin du. Izan ere, bere ustez dirua zortzi hilabete beranduago heltzeak Eusko Jaurlaritza geldirik egon dela erakusten du. Zentzu horretan lanean ari diren bakarrak Udalak direla defendatu du.
Laudiok guztira 215.000 euro jasoko ditu. Horietatik 70.000 zuzenean helduko zaizkio eta 145.000 eskualde mailara bideratutakotik. Horri Udalaren partidetan onartutako 135.000 euroak gehituta, guztira 350.000 euro inbertituko dira enpleguaren sustapenean. Dirua Udal mailan eta eskualde mailan bina programetan inbertituko da. Azkeneko hori Eusko Jaurlaritzak eskatutako lankidetza du oinarri.
Udal mailako programetan, jakinarazi dutenez, sei hilabetetan luzatuko diren jardunaldi osoko hamar enplegu sortuko dira. Lehenengo bostak Arraño inguruaren atontze lanetara bideratuko dira. Besteak, ordea, basoetako bideak zaindu eta konpontzera. Eskatutako profilak maiatza inguruan zehaztuko dituzte.
Ekintzaileek ere laguntza jasotzeko aukera izango dute. Udalarentzat zutabe garrantzitsua dira. Hori dela eta, programa bat egingo dute, 18 ekintzaileri zuzendua.