Laudioko Udaleko bozeramaile eta herrilan zinegotzi den Koldo Zabalak Ugarteko plazan burutzekoak diren lanen inguruko ñabardurak ezagutarazi zituen Aiaraldea Irratiko Harian magazinera egindako adierazpenetan.
Obra hauekiko proposamen eta kritikak biltzeko asanblada irekia egin zuten iragan apirilaren 15ean Ugarteko hainbat bizilagunekin. Bilera honetan auzokoek, besteak beste, elizaren aurreko aterpetxoko lurra asfaltatzearen beharra nabarmendu zuten eta, baita ere, haurrentzako jolasgune eta kolunpioak plazara gerturatzea. Dena delarik ere, lehen eskaera bete ahal izango den harren Zabalak jakinarazi du ezin izango dela jolasgunea plazara hurbildu horrek aurrekontua gaindituko lukeelako. Azkenik, auzokoek enparantza apaintzeko hautatuko diren zuhaitz espezieekin kontuz aritzeko eskatu diote udalari, zenbait arbolen sustraiek pabimentua hautsi dezaketelako.
Lanak irailean hasiko dira, behin auzoko jaiak eta abuztuko geldialdia amaituta.
Zabalak oso positiboki baloratu du Ugarteko bizilagunek bilerarekiko adierazi zuten jarrera, haren esanetan oso sorpresa ona izan zen bilera gela beterik ikustea.