Aurten ere Euskal Herria Kirolak Burdin Hesia lasterketa antolatuko du, lasterketa maiatzaren 25ean egingo da. Iaz izan zen lasterketa horren lehenengo edizioa eta geratzeko asmoarekin dator, urtero norabidea aldatuz baina ibilbidea mantenduz.
Horrela, parte hartzaileek 25km-ko ibilbideaz gozatzeko aukera izango dute. Lasterketa Laudioko Lamuza parkean hasi eta Bilboko Arriagan amaituko da eta tartean Goikogane, Ganekogorta eta Pagasarri mendietatik zein burdin hesiko lubaki eta bunkerretatik igaroko da. Antolatzaileen arabera exijentzia maila ertain-altua izango da.
Hiru dira proiektuaren ardatzak edo helburuak: Euskal Herriko mendi lasterketa ugarien artean tokia egitea, euskara sustatzea eta Guda Zibilean Bilbo hiria defendatu zuen burdin hesiaren balorea zabaltzea.
Iaz 250 korrikalarik hartu zuten parte mendi lasterketa honetan. Aurtengo ediziora izena emateko epea zabalik dago dagoeneko hurrengo web orrialdean.