"Gazteek asko daukate esateko eta bideak eraiki behar dira horretarako"

Erredakzioa 2014ko api. 17a, 10:07

Maitane Muñoz Iturria (Deustu,1985) Urtxintxa Eskolako kidea da eta Laudioko Udalak abiatutako gazte diagnostiko parte-hartzailean ari da buru belarri. Dinamizazioak iaz hasi baziren ere “Noka-Toka” prozesua oraindik martxan da.


Noka Toka gazte diagnostiko parte-hartzailea zertan da orain?

Maitane Muñoz Iturria (Deustu,1985) Urtxintxa Eskolako kidea da eta Laudioko Udalak abiatutako gazte diagnostiko parte-hartzailean ari da buru belarri. Dinamizazioak iaz hasi baziren ere “Noka-Toka” prozesua oraindik martxan da.


Noka Toka gazte diagnostiko parte-hartzailea zertan da orain?

Diagnostikoaren lehenengo fasea bukatua dago. Laudioko gazte askok parte hartu dute lehenengo fase honetan, era batean edo bestean, eta iritzi hauetatik Laudioko gazteriaren egoerari buruz ondorio argiak atera ditugu.

Ondorio edo gabezi hauek behin detektatuta proposamenen fasera pasatu gara, hau da, gabeziak detektatzetik gabezi horiek zelan konpondu ahal ditugun pentsatzera.

Proposamenen fase honetan, gazteek aukera izango dute Udalari zer nahi duten helarazteko, horretarako bide ugari erabiliko dira. Helburua gazteek dituzten beharrak zelan konpondu ahal diren jakitea da, betiere, gazteen iritziz.

Proposamen hauek egiteko bideak ireki ditugu eta irekiko ditugu. Batetik, aurreko astean antolatu genituen eztabaida tailerrak daude, eta bestetik, hurrengo asteetan herrian zehar kokatuko ditugun panel irekiak. Bertan ideiak idatzi, marraztu eta adierazteko aukera izango da. Horrez gain, internet bidez ere proposamenak biltzeko aukera zabaldu nahi dugu.

 

Orain arte egindako ibilbidea nolakoa izan da?

Parte hartze prozesu guztietan bezala, ibilbidea luzea eta gorabeheratsua izan da. Prozesuak luzeak izan behar dira, aldaketak ez baitira egun batetik bestera lortzen. Pazientzia behar da, eta horren etekinak nabariak dira. Adibide argiak dira, esaterako, diagnostikoan jasotako 452 inkestak, eztabaida tailer ezberdinetan parte hartu duten 75 gazteak, edota gurekin batera prozesua diseinatzen parte hartzen duten 7 gazteak.

Gazteek asko daukate esateko eta bideak eraiki behar dira horretarako; zorionez, udalak eta eragileak honen kontzientzia hartzen ari dira eta bide horiek eraikitzeko bitartekoak jartzen ari dira, kasu honetan bezala. Baina egia da gaur egungo jendartean ez daukagula parte hartzeko ohiturarik eta momentu batzuetan asko kostatu zaigula gazteengana heltzea. Batzuetan instituzioekin batera elkarlanean aritzeko prozesuak mesfidantzaz hartzen dira eta bide berriak irekitzea garrantzitsua da eskutik helduta lan egiteko.

 

Zein ondorio azpimarratu dituzte herriko gazteek?

Ondorioak 10 gai ezberdinetan banatu ditugu: hezkuntza, enplegua, etxebizitza, osasuna, jendarte ekintza, kultura, aisialdia, kontsumoa, mugikortasun iraunkorra eta udala.

Gai hauen inguruan gabezi asko detektatu dituzte gazteek. Batzuk, bizi garen egoera ekonomiko-soziala dela eta: etxebizitza falta, langabezi tasa altua, emakumeon kontrako indarkeria… Baina beste batzuk, askoz konkretuagoak dira. Besteak beste, udalari zuzenean eskatu diote aisialdi eta kultura eskaintza zabaltzea eta dagoena hobeto iragartzea. Espazio publikoen falta nabaria da,era berean. Dena ez da negatiboa izan, ordea, gazteek uste dute akademikoki oso prestatuak daudela eta Laudio oso ondo komunikatua dagoen herria dela.

Diagnostikoaren ondorioak irakurri nahi izatekotan Gazteria Arlora jo dezakezue.

 

Diagnostikoaren ostean zein urrats eman beharko litzateke prozesua eraginkorra izan dadin?

Lehen esan bezala orain proposamenen fasea dator. Garrantzitsua da beharretatik harago joatea zerbait eraiki nahi badugu. Udalean benetako aldaketak nahi baditugu funtsezkoa izango da bigarren fase honetan gazteek parte hartzea. Behin proposamenenak jasota denari buelta emateko momentua helduko da: Udaleko sail ezberdinetatik aldaketak egiteko momentua, Udalean gazte ikuspegia zeharkatzeko unea…

Edonola ere, gure ustez, aurrerantzean eta modu iraunkorrean gazteria arloan lan egiteko bidea gazteak eurak erdigunean jartzea da. Horretarako hamaika modu egon daitezke: gazte mahaia sortzea, gazte eragileekin lan egiteko gune bat… betiere, euren hitza, beharrak, interesak eta errealitatea kontuan izanik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide