Gaur goizeko 11:30etan izango da Ugarteko Plazaren berritzea planifikatzeko eta adosteko udal asanblada, Herriko Plazako erabilera anitzeko gelan.
Udalak plan bat aurkeztuko die bertaratutakoei Ugarteko bizilagunen iritzia ezagutzeko eta, horien arabera, proiektuari berrikuntzak ezartzeko. Asanbladaren ondorioen garrantzia ez da nolanahikoa, izan ere, Ugarteko plaza auzoko gunerik garrantzitsuenetarikoa da eta, bertan biltzen dira auzokoak; umeak eta hirugarren adinekoak batez ere, plazan kokatuak dauden jolasgune, kirolgune eta abarren ondorioz.
Udalaren bozeramaile eta herrilan eta zerbitzu zinegotzi den Koldo Zabalak asanblada hauen garrantzia nabarmendu zuen Aiaraldea Irratiko Harian magazinari eginiko adierazpenetan. Auzoan bertan bizi direnak dira, haren esanetan, bertoko egoera hobekien ezagutzen dutenak eta Udalak auzootan egiten duen jardunari kritikak eta proposamenak egiteko egokienak.