Tradizio handikoa da Laudioko Dolumin Barikuko azoka. Duela 124 urte ospatu zen lehen aldiz eta orduz geroz-tik kontaezin ahala leku, egitarau, eta parte hartzaile aldaketa izan ditu. Baina aldaketa horiek ez dira oztopo izanfesta herrian errotu dadin
Ostiral honetan, hilaren 11n, Dolumin Barikua ospatuko da Laudion. Laudiarren egutegian seinalatutako eguna da ostiralekoa. Haindago errotua, ezen hainbat eskolatan jai izaten baitute. Aurten berrikuntza batekin helduko da: animalien ongizatea bermatzeko neurri berrien ezarpena, 2014ko lege berriak hala eskatuta. Gainera horri gehitu behar zaio Araban urtean ospatzen den lehen azoka dela.
Beste behin ere, azokaren antolakuntzaz Aberedunak elkartea arduratuko da. 1992. urtera arte Laudioko Udalaren esku egon zen betebeharra. Azokak beheranzko joera zuela ikusita sortu berria zen Laudioko Abeltzainen Elkarteari eskatu zioten prestakuntza bere gain hartzea. Une horretatik aurrera hasi zen berriz ere gora egiten.
Juxto Urkijo elkarteko kideak adierazitakoaren arabera, hartutako neurri garrantzitsuena aurretik gai gehiegi hartzen zituen azoka erakusketan bilakatzea izan zen. Arrakasta ikusita inguruko herriek berdina egitea erabaki zutela adierazi du Urkijok.
Erakusketa bereziki abereetara zuzendua egon zen lehenengo urteetan. Nabarienak behiak eta zaldiak dira. Osagarri gisa, eta umeentzat bereziki zuzenduak, txerriak, oiloak eta hegazti exotikoak ere egoten dira.
Nekazaritza makineria ikusten da. Edizioz edizio irabazitako heldutasuna medio, pixkanaka beste berrikuntza batzuk ezarri dituzte:zaldien ferraketen su bidezko antzinako prozeduraren erakusketa, txahal errekia, hanburgesak dastatzeko aukera… denak 50 postu baino gehiagotan banatuak.
Taloak saltzeko hiru txosna baliatzen dira eta egunean zehar idiprobak ikusteko aukera egoten da. Berrikuntzek jende gehiago erakartzea dute xede; Urkijok adierazitakoaren arabera, aski bete duten helburua, gainera.
Laudioko abeltzain asko inplikatzen dira Dolumin Barikuko azokan. Haiek dute, antolatzaileen arabera, lehentasuna, nahiz eta beste herri batzuetakoei ere gonbidapena luzatzen zaien. Udalak ez die postua jartzeagatik kobratzen. Azokaren xedea Laudio eta Aiaraldeko ekoizleen produktuentzako espazio bat izatea izan da beti. Eskaera asko albo batera uzten dira, tokiko ekoizleak ez direlako. Hala ere, antolatzaileek adierazitakoaren arabera, erakusteko lekua da eta ez salmentarako gunea.
Aurten, azkeneko urtetan bezala, bi gunetan banatuko da: produktuen postuak Herriko Plazan jarriko dira eta abereenak Udal Lanbide Heziketa Eskola aurreko aparkalekuan.
124 urte dituen ospakizuna
Aurten Dolumin Barikuko azokak 124 urte beteko ditu, Juan Carlos Navarro historiazalearen arabera, 1890eko maiatzaren 7an antolatu zen aurreneko aldiz, Francisco Urizar alkatea eta Urkixo markesa lekuko zirela. Arbolazainak eta abeltzainak saritzen zituzten, ordu hartan, egindako lanagatik. Batetik, Laudiokoak. Eta, bestetik, Murgakoak. Zezenak, behiak, arbolak, idiak... arraza eta motaren arabera aztertzen zituzten.
Hasierako lehiaketetan, Laudioko lehen sektorearen artean sari gehiago banatzen ziren. Hamarkadek aurrera egin ahala, ordea, nola sari kopurua hala banaketa aldatu egin da.
Lehen, adibidez, fruta arbolen kasuan, laudioarrentzat 500 pezetako 12 sari zeuden. Murgakoentzat, berriz, 250 pezetako zazpi. Urteek aurrera egin ahala, ordea, azokako parte hartzaileak eta eremua ere aldatu dira. 1950etik 1953ra, esaterako, antzinako Urkixo markesaren kalean egin zen. 1954an, berriz, Maestro Elorzara mugitu zuten azoka, eta 1958tik aurrera Jose Matia kalera. 1957an antolatzaileak ere aldatu ziren, udalak hartu baitzuen ospakizuna prestatzeko ardura, Arabako Foru Aldundiaren eta banketxe batzuen laguntzarekin. 1968tik aurrera, berriz, Larrea koadrilak hartu zuen bere gain egunaren inguruko prestaketa eta kudeaketa.
Dolumin Barikuan idi probak egiteko ohitura aspaldikoa da Laudion. Arratsaldean jende mordoa biltzen da Arrañon, txapelketa ikusteko. Hala ere, ez da urtero egin den jarduera bat; 1968ra arte, askotan bertan behera geratu izan da lehiaketa, sukar aftosoa zelaeta idiak garraiatzeko zailtasunak zituztelako. Azkeneko urteetan, Zumalakarregi etorbidean, Herriko plazan eta Aldai plazan egin dira azokak.
Iraganaren oroitzapena
Industrializazioarekin lehenengo sektorearen ahultzea etorri zen. Laudio nekazaritza tradizio handiko herria da. Azoka testuinguru horretan sortu zen, Araban aitzindari. Urtetan, sektorearen garrantziaren galerarekin ospakizuna iragan horren oroitzapenerako aukera paregabea bilakatu da.
Tradizio horren baitan jaio ziren idiprobak. Sortzaileen artean Santa Luziako Goiko, Larrañoko Magdalena, Larrako Aranguren eta Larrazabaleko Goizabal baserriak nabarmentzen dira.