"Bakoitzak bere sexualitatea deskubritu eta modu positiboan bizi behar du"

Erredakzioa 2014ko api. 9a, 10:20

AMAIA URREJOLA (Eibar, 1985) sexologoa da eta "Plazerra zure eskuetan" ikastaroa gidatuko du. Laudion eskainiko da maiatzean eta ekainean eta bakoitzak bere sexualitatea topatzea du helburu.

 

AMAIA URREJOLA (Eibar, 1985) sexologoa da eta "Plazerra zure eskuetan" ikastaroa gidatuko du. Laudion eskainiko da maiatzean eta ekainean eta bakoitzak bere sexualitatea topatzea du helburu.

 

Ez da lehen aldia “Plazerra zure eskuetan” ikastaroa Laudiora etortzen dena, ezta?

Ez. Hiru bloketan dago banaturik ikastaroa eta dagoeneko lehendabiziko bi blokeak eman ditugu. Aurreko bien nahastura eta sakontzea izango da azkenengoa
Batez ere gorputzaren inguruan hitz egingo dugu eta bere ezagupenean sakonduko dugu ikuspegi sexologikotik. Norberaren erotika ere jorratuko dugu, nola deskubritu fantasien bitartez...
Mintzatuko gara mugimendu feministak historian zehar izan duen sexualitatearen inguruko diskurtsoari buruz. Eta intersexualitatea, desira erotiko anitza eta identitatearen inguruan ere hitz egingo dugu, horma eta adreiluaren metaforaren bitartez.
Azkenengo egunean batez ere jorratuko dugu gorputza. Hau da, gorputzarekin izango dugu elkarrizketa, entzunez, ukituz eta gozatuz. Gehienbat zentzumenak pizteko dinamikak egingo ditugu.


Noiz hasiko da ikastaroa?

Bost egun izango dira eta bakoitza bi ordukoa izango da. Maiatzaren 6an hasiko gara, 13an, 20an eta 27an jarraituko dugu eta azkenengo eguna izango da ekainaren 3an.

Gazteentzako ikastaroa izanik, adin tarte zabala hartzen duzue aintzat, ezta?

Bai, 16 urtetik 35era. Gaur egun gazteria kontzeptua zabalagoa da, lehen baino gehiago. Gainera jendeak interes handia du honen inguruan, beraz, egokia ikusi dugu zabaltzea adin tarte hori pixka bat.
Adin guztietan nabaritzen dugu ez dagoela gorputzarekiko ezagupen handirik.
Askotan ikusten duguna, maiz errepikatzen dena, da gorputzarekiko daukagun ezjakintasuna. Batez ere neskengan. Zerikusia dauka matxismoarekin historian zehar.
Lehen, garai batean emakumeok ez ginen subjektua, gero ez geneukan sexualitaterik eta orain deskubritu dugu hori, baina izan da zerbait ezkutatuta dena historia guztian zehar eta hor daukagu lan prozesu handi bat.

Ezjakintasun horren aurrean zeintzuk dira zuen helburuak?

Gure helburuak orokorrean bi dira. Alde batetik sexualitatearekin zerikusia duten abanikoak apur bat zabaltzea. Orokorrean sexualitatea identifikatzen da genitalekin, neska eta mutil baten artean gertatzen den zerbaitekin eta umeak edukitzeko helburuarekin.
Askotan uste dugu ideia hori gure aiton-amonena dela baina oraindik oso errotuta dugu. Eta horren inguruan hausnartu, hitz egin eta ezagutarazi nahi ditugu oinarrizko kontzeptu eta ideia sexologikoak.
Bestalde, gure kritikotasuna areagotu nahi dugu. Bizi gara gizarte hipersexualizatuta batean. Informazio ugari dugu baina agian iragazki gutxi eta kritikoak eta autokritikoak izateko gaitasuna sustatu nahi dugu. Hori ere gustatzen zaigu lantzea.
Feminismoek eta berdintasunaren aldeko mugimenduek zeresan handia izan dute sexualitatearekin harremana duten gaietan. Eta batez ere sexualitate femeninoarekin.
Landu nahi dugun beste gauza da emozioen kudeaketa. Matxismoak ez digu eragin kaltea bakarrik emakumeoi. Gizonei ere min handia egin die. Hori ere jorratzea eta ikusgarria egitea garrantzitsua da. Kudeaketa hori ere garrantzitsua da.

Zer nolako eragina izaten du ikastaroak jendearengan?

Jendea konturatzen da mito asko ditugula buruan, estereotipo ugariren artean mugitzen garela eta ideia droneak ditugula buruan.
Eta bestalde konturatzen da heltzen zaigun informazioa nahiko manipulatuta dagoela. Nahiko desinformatuta gaude, nahiz eta paradoja izan. Badirudi informazio ugari dagoela baina desinformazioa nagusitzen da eta oso hedatuta dago.

Horren aurrean zer egin dezakete gazteek?

Lehen pausua da haien sexualitatea deskubritzea eta jakitea bakoitzak berea duela. Horretarako lehen pausua da gorputza. Gorputzaren ezagupenak laguntzen digu gainera autoestima sexual egokia izaten.
Pertsona bezain beste sexualitate daude munduan. Denak errespetatu beharko ditugu.
Jendeak pentsatzen du sexualitatea dela gure gorputzarekin egiten dugun gauza bat, baina zer garen, nola adierazten garen gure emozioen bitartez, gure plazerren bitartez... hori ere bada.
Eta sexualitateak badu harremana ere gure neska edo izateko moduarekin, gustuekin -izugarri anitzak direla-, identitatearen barruan ere aniztasun handia dago...
Bakoitzak bere sexualitatea deskubritu eta modu positiboan bizi behar ditu topatzen dituen ezberdintasunak. Desberdintasuna balore positiboa da. Horretaz jabetzea oso garrantzitsua da. 


Neska ala mutil gehiago joaten dira horrelako ikastaroetara?

Orain arte izan dugun esperientzia aintzat hartuta gehienak neskak izan dira, egia esanda. Oraingoan espero dugu antzeko zerbait baina ea mutilak animatzen diren.
Hori da gure helburua ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide