Greba mugagabea albo batera utzi dute Aiala Vidrioko langileek

Erredakzioa 2014ko api. 8a, 12:00

Azkenean Aiala Vidrioko langileek ez diote greba mugagabeari ekingo. Igandean -apirilak 6- egindako asanbladan langileek bertan behera utzi zuten hurrengo egunetik aurrera greba mugagabea egiteko erabakia.

 

Azkenean Aiala Vidrioko langileek ez diote greba mugagabeari ekingo. Igandean -apirilak 6- egindako asanbladan langileek bertan behera utzi zuten hurrengo egunetik aurrera greba mugagabea egiteko erabakia.

 

Iragan asteko ostegunean hartu zuten erabaki hori, “enpresaren aldetik inolako mugimendurik ez zegoela ikusten zelako”, azaldu du enpresako LAB sindikatuko ordezkaria den Asier Barruetabeñak.

 

Lan-hitzarmen kolektiboaren aldeko borrokan murgilduak daude Aiala Vidrioko langileak, eta jada bi lanuzte egin dituzte zuzendaritzak ezarri nahi dituen lan-baldintzen aurka. Greba mugagabea zen hurrengo pausoa, baina ostiralean bilera egin zuten langileen ordezkariek eta zuzendaritzak, zeinetan azkenak planteamendu berri bat proposatu zuten.

 

Ordezkariek gainontzeko langileei planteamendu berria helarazteko konpromisoa hartu eta hala egin zuten igandeko bileran. “Deialdia modu egokian egiteko bermerik egon ez zen arren”, langileen gehiengoa bertaratu zela azpimarratu du Barruetabeñak. Bilera horretan erabaki zen greba bertan behera uztea eta enpresarekin negoziatzen jartzea.

Bermeak

Greba albo batera utzi duten arren, enpresaren aurrean berme batzuk dituztela azaldu du Barruetabeñak. Hala, greba amaierako dokumentu bat egingo dutela adierazi du, “orain arte lortutakoa ziurtatzeko”.

 

Honako hauek dira lortu dituzten gauzak: ordu gehiago ez sartzea, lan erreformari aurre egiteko puntu batzuk sartzea, kaleratzeko aitzakiak desaktibatzea eta kaleratze bidegabeen kasuetan 45 eguneko akordioa, besteak beste.

 

Hala ere Barruetabeñak gaineratu du horrek ez duela esan nahi horrekin konformatuko direnik, “Hau guztia luzerako doa”, adierazi du.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide