Laudioko Udalak Latiorroko auzo-batzarra deitu du hilaren 10erako, 19:00etan, Lateorro eskolan. Telefonica Móviles de España enpresak auzoan duen telefono eramangarrietarako antenaren auzian izandako azken gorabeherak azalduko dituzte bertan. “Auzokideek auziaren inguruan izan ditzaketen zalantzak argitu eta zertan ari garen azaldu nahi dugu” adierazi du Koldo Zabalak, Bilduko gobernu taldearen bozeramaleak; “auzokideen ekarpenak ezagutu nahi ditugu”, gaineratu du.
Azken udal hirigintza batzordean gainerako taldeei eskainitako informazioa auzokideen esku jarri nahi du Bilduko gobernu taldeak auzo-batzarrean, Udalak Telefonicari antena ixteko iragarri berri dion 15 egunetako azken epeak auziaren fase berria ireki dezake eta.
15 egunetako epea antena ixteko
Latiorroko antena San Bartolomera eramateko konpromisoa berretsi du Udalak hainbatetan. Neurri honen aurrean enpresak aurkeztutako azken errekurtsoak ezezko erantzuna jaso ondoren, Udalak 15 egunetako epea jakinarazi dio Telefonicari antenaren instalazioak ixteko.
“Telefonicak ez du orain arte antena San Bartolomera eramateko asmorik azaldu. Hala ere, antena tokiz aldatzeko plana aurkeztuz gero, malguak izateko prest gaude, hala adierazi diogu ere Telefonikari” azaldu du Koldo Zabalak.