Dolumin Barikurako ekintza berezia prestatu du SOS Laudioko Lamuza Parkea Plataformak. Baina erronka horri aurre egin baino lehen hitzaldia prestatu dute. Apirilaren 8an izango da Kultur Etxean eta hizlaria Lamuza Parkea Babesteko Plan Berezia egin zuen talde teknikoa izango da.
Plataformak oso garrantzitsutzat jotzen du bere kideek eta herritarrek oro har plana ondo ezagutzea. Ez bakarrik bertan behera geratu diren ekintzak aintzat hartzeko, baizik eta egindako lana aitortzeko eta partekatzeko. SOS Laudioko Lamuza Parkea-ko kideek uste dute etorkizunean erabilera berriak proposatu beharko direla eraikinen inguruan eta horretarako oso interesgarria izan daitekeela dagoeneko jaso dena konparatzea.
Bestalde, hitzaldiak balioko du Parkedada ekintzari begira herrian dagoen giroa berotzeko. Dagoeneko plataformak gune ezberdinak zehaztu ditu eta ekimen ikusgarria egin nahi du herritarren laguntza eta partaidetzari esker.