Gaur, martxoaren 31a, bizikletaren erabilpena arautzen duen ordenantza berria eztabaidatu da Laudioko udalbatzan Omnia eta Bilduren babesari esker. Duela hilabete batzuk mozio bat aurkeztu zen gai beraren inguruan: bizikletaren erabilpena nola arautu eta nola sustatu.
Ordutik hona ordenantza osatzeko lan egin da eta udal taldeen iritzia kontuan hartzeaz gain, bizikleta erabiltzen duten herritarren iritzia jaso da. Mahai inguruak antolatu dira horretarako, Laudioko Txirrindulari Elkarteak adibidez parte hartu izan du eta baita hainbat partikularrek ere, tartean bizikletan atoia edo erremolkea eraman ohi duten partikularrek. Ordenantza berria horien guztien ekarpenak kontuan izanik garatu da.
Helburu nagusia Laudion bizikletaren erabilpena erraztea eta sozializatzea da, autoen zirkulazioa gutxituz joan dadin. Ingurugiroari mesede egingo zaio horrela eta bizitzeko erosoagoa den herria lortu.
Bizikletak espaloietatik bai, baina lehentasuna oinezkoena da
Bizikletak espaloietatik joatea aurreikusten du osatu den ordenantzak. Herrian oso bidegorri gutxi dagoela kontuan hartuta eta hauek herriko gune desberdinetatik mugitzeko nahikoa ez direla argi izanik, espaloietatik oinezkoak eta bizikletak batera joatea onartu da ordenantzan.
Koldo Zabala zinegotziak argi utzi du, hala ere, espaloian lehentasuna beti oinezkoarena izango dela. Espaloian bizikletaz doanak abiadura mugatu beharko du eta bere bidea espaloiaren egoerara moldatu; oinezko asko balego bizikletatik jeitsi beharko litzateke.
Horretaz gain, eraikinetatik metro batera gutxienez joan beharko da bizikletaduna, atarietatik ateratzerakoan oinezkoek arazorik izan ez dezaten. Ordenantzak oinezkoen eta bizikletadunak elkarrekin bizi ahal izatea eta, aldi berean, bizikleta herrian mugitzeko erabilgarria izatea bilatzen du.
Latiorro auzotik erdigunera bizikletaz joateko, adibidez, tuneletik joatea da aukera gutxienetakoa eta hori baimentzen du ordenantza berriak, betiere oso abiadura mugatuan egiten bada. Autobiatik joatearen arriskua sahiesten da horrela.
Bizikletan atoia edo erremolkea eramateak baimentzen du ordenantzak, izan ere erabiltzaile askok beren lanerako behar dute atoi hori. Erremolke horietan 7 urte bitarteko haurrak joan daitezke ere bai, betiere dagozkien babes neurriekin.
Momentuz ordenantzak ez du isunik aurreikusten.