“30 urtez, neurri neoliberalen ondorioak Kalifornian” izango du hizpide Zoe Brent-ek bihar, hilaren 29an, Laudioko Gure Aukera elkartean 12:00etan emango duen hitzaldian. Sortuk antolatuta, egungo Euskal Herriko egoera ulertzeko garrantzitsua dela uste dute. Izan ere, murrizketa politikak, zerbitzu publikoen pribatizazioa, norbanakoen lan baldintzak indibidualki negoziatzeko neurriak… denak orain 30 urte Kalifornian aplikatzen hasi ziren, Ronald Reagan-en lehendakaritzapean, pribatizazio basatiari helduz. Finean “ongizate estatua” deitutakoaren eraispenaren prozesua agerian utziko da hitzaldian.
Zoe Brent Food First erakundeko ekintzailea da. Bere ibilbidea Elikadura Burujabetzaren garapenean oinarrituta egon bada ere, badu bere herrialdean eta munduan zehar gertatzen ari denaren begirada kritikoa egiteko behar beste elementu. Erakundeak Euskal Herriko Nekazarien Elkartearekin (EHNE) harremana du. Urtero “burujabetzaren birak” antolatzen ditu, Kubara, Hego Koreara nahiz Euskal Herrira, bertako sistemak ezagutu eta alternatibak zabaltzeko asmoz. Azkenekoan, aldiz, Estatu Batuetara bidaia antolatu zuten eta bertan izan zen Iñaki Urkijo laudioarra beste hamabi kiderekin batera. Hona esperientziaren inguruan berak kontatutakoa.