Laudioko San Roke jaietako pregoilari hautaketaren lehen fasea jarri du abian Udalak. Herriko postontzietara banatzen den ZUIN informazio agendak, 2014ko jaiak iragartzeaz arduratuko den pertsona edo talde proposamenak jasotzeko galdetegia jaso du. Apirilaren 15a bitartean hartuko dituzte betetako kupoiak Kultura, Kirol eta Jai arloko bulegoetan.
Udal web atarian ere bozka luzatzeko aukera zabaldu dute “Laudioko jaietarako pregoilaria, zure hautagaia proposa ezazu!” estekaren bidez. Idatzizkoetan bezala, proposatutako pregoilaria eta hautagaitzaren arrazoiak luzatu beharko dira.
Izan ere, 2013an Pablo Gorostiagari egokitu zitzaion herritarren ekimenaren ondorioz herriko jaien irekiera-mezua zabaltzea, baina epaitegiek galarazi zuten ekitaldia, ustez alkate ohiaren pregoia terrorismoaren biktimen duintasunaren aurkako erasoa izango litzatekeelakoan. Santa Luzia Abesbatza eta Untzueta Dantza Taldea izan dira hurrenez hurren pregoilaria izendatzeko herri ekimenak 2012 eta 2011 urteetarako izendatutako pregoilariak.