Laudioko Udala Zumalakarregi etorbideko zebrabideak irisgarritasuna sustatzeko legediak ezarritako baldintzara hobetzeko lanei ekin die egunotan. Aldaketak zebrabideetan, faroletan eta espaloietan egingo dituzte.
Lau pasabide egokituko dituzte oraingoan eta aldi berean espaloietan suertatutako konponketa txikiak ere bideratuko dituzte udal langileek.
Honez gain kalearen irisgarritasuna hobetze aldera zenbait kale-argi tokiz aldatuko dituzte. Bestalde, duela urte batzuk herriko kale nagusiko zuhaitzak ordezkatzeko abiatu zuen prozesuari ere heldu dio Udalak eta Ugarteko bidegurutzetik Baias kalearen bidegurutzera bitarteko katalpak kendu eta likidanbar ale berriak landatzen ari dira.
Lehen fasean Zumalakarregi etorbidean landatutako likidanbarren ingurua egokitzen ari dira ere, zuhaitzak inguratzen dituen lur laukia asfalto porotsuz estaliz.