Laudioko alkatetzak, bando baten bitartez, gogor salatu berri du PPk eta Nuclenorrek Garoñako zentral nuklearra berriz irekitzeko dituzten asmoak. “Berrogei urte eman ditugu Garoñaren arriskuak pairatzen eta ez gaude gehiago onartzeko prest” adierazi du aipaturiko bandoan Laudioko alkate den Jon Iñaki Urkixok.
“Guztion osasuna eta etorkizuna batzuen mozkinak baino askoz garrantzitsuagoak dira, eta Arabako jendartearen gehiengo zabal batek horrela adierazi du behin eta berriro.” Nuclenor osatzen duten Endesa eta Iberdrola enpresei eta PPko gobernuari dei egin die proiektua bertan behera utz dezaten.
Bukatzeko, udalak bat egin du datorren martxoaren 15ean, larunbatean alegia, Araba Garoña Gabe plataformak antolaturiko manifestaldiarekin, zeina arratsaldeko 19:00etan aterako baita Gasteizko Andra Mari Zuriaren enparantzatik. Laudioko bizilagun guztiei dei egin die ere bertan parte har dezaten.