Bi astez luzatu da Laudioko auzo batzarren burutze prozesua. Bertan, ohiko eskaera eta proposamenen atalaz gain Laudio 2025 oinarri estrategikoen inguruan mintzatu dira. Zehazki, herrian urte horretarako garatu nahi diren bederatzi proiektuak aurkeztu dituzte.
Proiektu batean Kultura Planaren beharra azpimarratzen da. Udaleko kultura saila dagoeneko lanean hasi da berau garatu ahal izateko. Prozesurako EHUko Parte Hartuz ikerketa taldearen laguntzarekin kontatzen dute.
Ibilbide horretan kokatzen da martxoaren 12rako kultura etxean deitutako tailerra. 18:30ean hasi eta bi orduz luzatuko da. Talde kultural guztiei helarazi zaie bertan parte hartzeko gonbidapena. Tailerrean aurre diagnostikoa aurkeztuko dute garapenean sakontze asmoz. Izan ere, Kultura Planaren eratze prozesua diagnosi prozesuan aurkitzen da egun, eta Udaletik jakinarazi zuten bezala parte hartze bidez garatuko da.
Aipatutako tailerraz gain, hilaren 15ean kalean postu bat jarriko dute jendearekin kontaktu zuzena izan asmoz. Horren baitan ekintza desberdinak aurreikusten dira.
Auzo asanbladen balorazio positiboa
Udaletik baikor azaldu dira auzo asanbladek izandako harreraren inguruan. Aurreko deialdiekin konparatuta bertaratutakoen kopuruak Latiorron salbu auzo guztietan gora egin du. Gainera, ekarpenen aldetik ere asko jaso dituztela adierazi dute.