Laudioko EAJk udal gobernu taldeko finantza-arduradunak, Amets Meazak, 2013 urteko kontuen kitapenaren aurkezpenean esandakoak gezurtatu ditu banatu berri duen prentsa ohar baten bidez. Jeltzaleen aburuz nagikeriaz ari da Bildu Laudioko udaleko kudeaketan.
EAJk eskainitako azterketaren arabera ezin da aurrezki bezala aurkeztu 2013 ekitaldian pilatutako soberakina, 1.842.000 euro, eta ondorioz guztiz faltsua jo dute Bilduk eskainitako informazioa.
2013 urtean burutu beharreko inbertsioen %70a gauzatu gabe egoteari egozten dio EAJk udal altxortegiak jasotako soberakina. Hortaz, 530.000 eurotan kalkulatu dute udal kontuek sortutako aurrezki erreala. “Datu honek, zoritxarrez, Laudioren interesei kalte egin die, izan ere Bilduk Altxortegi Nagusiko soberakinaren %70a baino gehiago xahutu baitu” adierazi dute prentsa oharrean.