Udalak Latiorroko antena mugitzeko lanetan jarraitzen duela azaldu du. Telefonica enpresa prozedura saihesten saiatzen ari bada ere, beharrezkoak diren neurriak hartuko dituztela adierazi dute.
2009an Udalak EHUko Eusko Iker fundazioari herriko instalazio radio-elektrikoen inguruko ikerketa egitea eskatu zion. Horren bidez kokalekuen planifikazioa egin nahi zuten. Ikerketaren helburua komunikazioa zentroak, antenak kasu honetan, herritarrengandik ahalik eta urrunen egotea zen. Gauzak horrela, Arraño eta Latiorroko antenak lekuz aldatzea ebatzi zen.
Agintea ematen zuen ordenantza 2011ko urtarrilaren 21ean jarri zen martxan. Bertan Arrañoko antenaren jabe zen Avertis enpresari urtebeteko epea ematen zitzaion lekuz aldatzeko. Telefonicak, ordea, bi urte zituen Latiorrotik San Bartolomera mugitzeko.
2012ko irailean, bere instalazioak lekuz aldatu behar izatetik hilabete gutxira, Udalak Telefonicari mezu bat bidali zion ordenantza bete behar zuela, eta, hartarako, lekuz aldatzeko beharrezko baimenak eskatu behar zituela gogoratuz. Udalaren arabera, ordea, enpresak ez du interesik aurkeztu. Horregatik, 2013 urtearen amaieran aktibitatearen eta instalazioen itxiera prozedurarekin hasi ziren. Telefonicari horren berri eman ostean, hilabete beranduago, enpresaren helegitea jaso zuen Udalak, baina ez zuen onartu.
Otsailaren 21ean berraztertzeko errekurtsoa helarazi zioten Udalari, aktibitatearen itxiera prozesua eten zezan. Erantzuna emateko 30 eguneko epea du. Hala ere, jakinarazi dutenez, lehentasuna antena Latiorrotik ateratzea da, ikerketak gomendatu zuen lekuan kokatuz, hau da, San Bartolomen.