Ondare Higiezinen Zergaren (OHZ) inguruko bi mozio aurkeztu ziren astelehenean. Bietatik Omniak, PSEk eta Bilduk adostutakoa onartu dute osoko bilkuran. Mozioan balore katastralen igoerak eragin ditzakeen ondorioei aurre egiteko marko berri bat planteatzen da. Izan ere, aipatutako baloreak 17 urtez eguneratu gabe egon ondoren, OHZ-k bat bateko igoera handia pairatuko luke. Horrek ondorio gogorrak lekarzkioke laudioarrari, batez ere egungo egoera ekonomikoa kontutan hartzen bada.
Marko berriak baloraziorako norma teknikoen moldaketa hala nola hiri lurzoruaren balorearen hazkuntzari eragiten dion zergaren erregulazioa planteatzen ditu. Berau onartu artean OHZren igoera berririk emango ez denaren konpromisoa hartzen du Udalak adostutako mozioarekin.
Balore katastralen eguneraketa prozesua 2010ean hasi zen, aurreko urteko datuak oinarri izanda. Ponentzia berria 2012an jarri zen martxan. Horrekin Laudioko higiezinen balorea 757tik 1064 milioi eurora handitu zen, kaltetuena lurzoruaren prezioa izan zelarik.