SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak adierazi du Foru Aldundiak orain arte egin dituen lanak ez direla nahikoa eta protestak eta ekimen ezberdinak iragarri ditu.
Hasteko, Foru Planak jasotzen zuen larrialdiko esku-hartzea eskatzen du plataformak: "100.000 eurokoa". Musika Etxea eta Kasinoa eutsi dezaten haien erabilera zein izango den erabaki arte. Erabilera hori soziokulturala izan beharko litzatekeela uste du plataformak, eta bere xedea laudioarrak, gainera.
Ekimenak
SOS Laudioko Lamuza Parkeak hiru ildo landuko ditu. Alde batetik, parkearen ezagutza sustatzeko hitzaldiak antolatuko ditu.
Lehenengo hitzaldia martxoaren 11n izango da Kultur Etxean, Arraño Aretoan, 18:30ean. Hizlaria Juan Carlos Navarro da eta parkearen historia azalduko du. Urkijo Markesak bere jauregia eraiki zuenetik Foru Aldundiaren esku geratu zen arte.
Animazioa eta protesta Dolumin Barikuan
Dolumin Barikuan ekintza berezia egin nahi du plataformak. Horretarako herriko elkarte, talde eta norbanakoen laguntza eskatu du. Kale animazioa, antzerkia eta protesta uztartu nahi du Foru Aldundiari bere eskaera helarazteko.
Egun berean zozketa egin eta sinadura bilketa fisikoarekin jarraituko dute. Berez, internet erabiltzen ez duten pertsonek ere bere babesa eman dezaten. Hala ere, dagoeneko sinadura birtuala eman dutenei ere berriro sinatzeko eskatu diete.