Astelehenean gai desberdinak jorratuko dira udal osoko bilkuran. Aurrena, OHZren inguruko bi mozio aurkeztuko dira. Lehena Bildu, Omnia eta PSEk adostutakoa izango da.
Arabako Ahaldun Nagusiak adierazitakoaren arabera higiezinen balorearen eguneratze prozesua hasiko da, herriek hala eskatzen badute. Horren aurrean, aipatutako mozio adostuan prozesua bera modu egokian bideratu ahal izateko oinarrizko aldaketak eskatzen dira. Horretarako Arabako Foru Aldundiari baloraziorako norma teknikoak erregulatzen dituzten dekretuak aldatzeko premia helaraziko diote. Horiekin batera 42/89 eta 46/89 norma foralak, zeinek hiri lurzoruaren balorearen hazkuntzari eragiten dion zerga erregulatzen duten. Horiek denak egungo egoera ekonomikora moldatu behar direla uste dute. Gainera, balore katastralen berrikuspenerako epe laburragoa ezartzea beharrezkotzat dute, Laudion hamazazpi urtez egin gabe egon eta gero eragindako bat bateko ondorioak errepikatu ez daitezen.
Marko berria onartua izan arte igoera berririk ez eragitearen konpromisoa agertzen dute mozioan. Prozesua fiskalitate mailakatua aplikatuz egin nahi da, gehien duenak gehiago ordain dezan.
OHZren inguruko bigarren mozioa alternatiboa da, EAJk aurkeztua. Eskakizunez murritzagoa da. Aldundiari herriko balore katastralen ponentziaren berrikuspena eskatuko diote eta egin arte igoerarik ez eragitearen konpromisoa hartzen dute.
Gazte lokalak
Alderdi jeltzaleak bigarren mozio bat aurkeztuko du, gazte lokalei buruz hitz egiteko. Premiazkoa ikusten dute azkeneko hilabetetan eratze prozesuan egon den Gazte Plana onartua izatea, lokalen inguruko diagnosia egiteko lehenengo urratsa dela uste baitute.
Gaia ikuspegi desberdinetatik begiratzea eskatuko dute, “ez bakarrik kontrolaren eta fiskalizazioaren ikuspuntu errepresibotik; erabiltzaile, auzotar eta bestelako eragileak koordinatu dituen modu hezitzailean, elkarbizitza errazteko asmoz”. Gainera zeharka ukitzen diren beste gai batzuk lantzea ere beharrezkoa da EAJrentzat: zaratak eta bibrazioak, gutxieneko egokitze eta hobetze lanak, alkoholaren eta sustantzia estupefazienteen kontsumoa…
Horretaz gain “jakintza-alor anitzeko aurretiazko prozesu parte hartzaile eta sakon bat ireki dadila, ez bakarrik Gazteria Zerbitzutik zuzendutakoa, baizik eta diziplina anitzeko lan Batzorde batetik bideratutakoa” eskatuko diote udalari.
Bukatzeko, “diagnosia egin ostean eta gehiago luzatu gabe, Araudi Erregulatzailearen onespenaren testu, Udal Ordenantza edo HAPNren arau berezi bat bateratu eta landu dadila” nahi du alderdi jeltzaleak.
Bidalketa telematikoak
Azkeneko mozioan, Udaletxeko langileei deialdiak eta informazioa posta elektronikoz zein paperez bidaltzeko agintea luzatu ostean, gehiegizko eta beharrezkoa ez den gastua dela iritzita, Omniak paperaren erabilera ahalik eta gehien murriztea eskatuko du, bidalketa telematikoak indartzearekin batera.