Egitarau osoa prest inauteriak ospatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Jaiak Koordinakundea 2014ko ots. 21a, 12:04

Aurten, martxoarekin batera iritsiko zaizkigu Inauteriak gure herrira, martxoaren 1ean hain zuzen ere. Jaiak Koordinakundea ilusio handiz lanean aritu da egun horretarako dena prest egon dadin.

Aurten, martxoarekin batera iritsiko zaizkigu Inauteriak gure herrira, martxoaren 1ean hain zuzen ere. Jaiak Koordinakundea ilusio handiz lanean aritu da egun horretarako dena prest egon dadin.

Larunbata izango da Inauterietako egun handia, eta dagoeneko ohitura denez, eguerditik piztuko da jaia. 13:00etan ekingo diogu egunari, Orkresta elektrotxarangak alaitutako kalejiran, mozorroak jantzita. Ondoren, arratsaldeko txanpari heltzeko indarrak hartuko ditugu eliza-arkupean egingo den herri bazkarian. Txartelak 6 €-an daude salgai Gorka eta Keska tabernetan.

Aurten ere, Inauterietako hitzordu nagusiak Desfilea eta Mozorro lehiaketa izango dira, martxoaren 1ean, larunbatean, 18:30etik aurrera. Mozorro lehiaketan izena emateko, taldeek Kultur Etxera hurbildu beharko dute, eta hiru egun izango dituzte horretarako: otsailak 27 eta 28 (osteguna eta ostirala) 18:00etatik 20:00etara, eta Desfilearen egunean bertan 17:00etatik 18:00etara.Taldeak hiru kategoriatan banatuko dira: 21 kidetik gorakoak, 8 eta 21 kide artekoak eta 8tik beherakoak edo banaka.

Desfilea 18:30ean hasiko da Lezeagako aldapatik (Ugarten) eta herriko kale nagusiak zeharkatuko ditu. Desfilea girotzeko, berriz, hainbat talde gonbidatu ditugu: Bilboko Goloka antzerki taldea; Aiaraldeko FitaFik soinu-tresna eskolako ikasle eta irakasleak; Gesaltzako Gesaltza txaranga; Laudioko Kun Kun perkusio taldea; Laudioko Ttuntturro Zanpantzar taldea; eta Laudioko BetiJai fanfarrea.

Desfilea amaitu bezain laster, perkusioa eta piroteknia nahasten dituen ikuskizun berezi bat ikusteko aukera izango dugu, nazioartean sona handia duten Bilboko Deabru Beltzak eta Frantziako Les Commandos Percu taldeen eskutik.

Ondoren, Mozorro lehiaketako sariak banatzeko ekitaldia egingo da Herriko Plazan, 20:30ean. Guztira 17 sari eta 2.500 euro banatuko dira, eta iaz bezala, karrozarik ederrenak eta giro onena sortzen duten taldeek ere saria jasoko dute.

Jaia, baina, ez da hor amaituko. Gaueko 21:00etik aurrera, Mozorro Gauari hasiera emango zaio. Aurten, Diskodantza ikuskizuna izango dugu, eta txosna jarriko da, bokatak eta edaria saltzeko.

Martxoaren 4an, asteartean, agur esango diegu inauteriei. 17:00etatik aurrera haur eta gaztetxoek Kirikiño Aisialdi Taldeak prestatuko dituen jolas eta tailerrekin gozatu ahal izango dute. 18:00etatik aurrera, Zirika Zirkus taldeak “DanzJolas Jaia” ikuskizuna eskainiko digu, eta 19:00etan txokolate beroa banatuko da bertaraturiko haur guztien artean. Egunari eta inauteriei amaiera emateko, Lezeagako Sorgina erretzeko ekitaldia izango da, 19:30etik aurrera.

Lerro hauen bidez, Inauterietan parte hartu eta gure herriko kaleetan gozatzeko gonbita helarazi nahi diegu herriko talde eta pertsona guztiei.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide