Laudioko Udalak Alberto Aceroko orubearen jabeekin hitz egin du, bere egoera hobetzeko asmoz. Urteotan jabetza esku desberdinetatik pasatu da. Aurrena Vallehermoso enpresak erosi zuen. Bertan etxebizitzak egin nahi izan zituzten, baina kendu eta Liberbanken eskuetara igaro zen. Horren ostean, banku txarrak hartu zuen. Kudeaketa, ordea, Liberbanken esku geratu zen.
Udalak hilabeteak eman ditu kudeatzaileari orubearen mantenua egin dezan eskatzen. Izan ere, behartuta daude herri guneko jabetza egoera osasuntsu eta garbian mantentzera. Orubeak ez zituen baldintza minimoak betetzen. Tramiteak direla eta, prozesua luzatzen joan den arren, dagoeneko lanean ari dira, egoera konpontzeko asmoz.
Bitartean, urtarrilean, elkarte batek banku txarrari orubea erosi dio. Udaletik jakinarazi dutenez jabe berriarekin harremanetan jarriko dira zein asmo dituen jakiteko. Horren arabera hitzarmen bat egiteko aukera begiratuko dute, eraiki bitartean herri erabilerara zuzentzeko. Hala ere, akordioa lortu ezean, orubearen zati bat erabilera publikoari dagokio legez.
Lamuza Parkeko eraikinei dagokionez, PSEk Kasinoa eta Musika etxea segurtasun zibileko polizarik ez dutela adierazi du. Udal taldeak aurreratu duenez hori konpontzeko lanean ari dira. Izan ere, bi eraikinak 1976an Udala eta Foru Aldundiaren artean hitzarmena sinatu zenetik asegururik gabe aurkitzen dira. Korapiloa asegurua ezarri eta ordaintzea zeini dagokion ebaztean datza. Udal gobernu taldeak jabeari dagokiola uste duen arren, instituzio biak akordio batera heldu beharko dira auzia konpontzeko.