IBONE SANCHEZ GARMENDIA (Laudio, 1989) triatloian aritzen da. Iazko denboraldian 17 podium zapaldu zituen. Egun, krossetan, duatloietan eta triatloietan aritzen da.
Kirol askotan aritzen zara. Zein duzu gogokoen?
Triatloia, momentu honetan ``nire helburu kirola´´ bezala ikusten dudana da, hau da, horretara bideratzen ditut eguneroko entrenamendu saioak, horretan baititut helburu nagusienak.
Akuatloia, asko estimatzen dudan proba da, proba berezia niretzat, honengatik hasita pasa nintzelako igeriketatik triatloira.
Duatloia, triatloiei begira egiten dudan proba izaten da, ``kalitatezko entrenamendu saio´´ bezala hartzen dudana, lehiaketa egoeran ematen baita. Krossak ere helburu honekin egiten ditut.
Raid-a entzutean berriz, zuzenean nebarekin erlazionatzen dut, berarekin egin baititut raid guztiak; oso esperientzia polita, berezia eta zaila definitzeko. Kirola, lehiakortasuna eta nebarekiko dudan harreman ona batzen dituen kirol proba da. Ezingo nuke bat edo beste aukeratu; denak dira ezberdinak eta denek dituzte bere alde on eta txarrak, baina batzuk dituzten ``hutsak´´ besteek ongi betetzen dituztela uste dut.
Pena bat da, adibidez, triatloiak eta akuatloiak uda partean bakarrik egin ahal izatea (ulergarria eguraldiagatik), baina horretarako egiten ditut negu partean aurrez aipatutako krossak eta duatloiak.
Raid-ak berriz, oso gustuko ditudan probak izan arren, hauetan lehiakor izateko eta lehiaketa horren barruan sartzeko, entrenamendu espezifikoagoak egin beharko nituzkeela uste dut (krossekin eta duatloiekin gertatzen den moduan), orientazio eta mendi bizikletako saioak batez ere. Horregatik, momentu jakin batzuetan soilik egiten ditudan probak dira.
Kirolari bezala; nola definituko zenuke zure burua?
Burugogorra eta lehiakorra batez ere. Hainbat proben aurrean, nahiz eta nire egun horretako egoera onena ez izan (aste txarra pasa izanagatik edo beste edozein arrazoia dela eta), onena ematen saiatu izan naiz beti eta askotan ni neu harritu egin naiz egoera horietan lortutakoaz. Esperotako emaitzak ez lortzean ere, lanean gogor jarraitzen ahalegintzen naiz, hurrengo probetarako prestatzen.
Zenbat podium zapaldu dituzu 2013an? Zeintzuk?
Krossean: Laudioko krossa (lehena) eta Arabako txapelketa (bigarren).
Duatloiean: Basaurikoan (bigarren) eta Gernikakoan (bigarren).
Triatloiean: Bermeon (bigarren), Deban (bigarren), Hondarribin (bigarren), Ondarroan (bigarren), Aritzalekun (lehena), Lekeition (hirugarren), Donostian, Onditz triatloian (hirugarren; EH-ko lehena), Gasteizko Challenge-an, taldeka (lehenak), Iruñean (bigarren), Guadalajaran (lehena) eta Donostiko Wild Wolf triatloian (lehena). Akuatloiean Plentzian (lehena).
Nolakoa da zure entrenamendu saio bat?
Normalean, egun bakoitzeko bi saio egiten ditut: korrika+ igeri, korrika+rodilloa, rodilloa+igeri... bizikletako irteerek denbora gehiago eramaten didatenez, asteburuetarako uzten ditut. Baina saioak beti lan ordutegira moldatu behar izaten ditut eta, beraz, egunetik egunera oso ezberdinak izaten dira.
Nola piztu zitzaizun triatloiarekiko zaletasuna?
Igeriketa bakarrik egiteaz pixkat asperturik nengoela, barne hartzen zuen beste kirolen bat bilatu nahi nuen. Korrika egitea ere oso gustuko nuenez, 2009. urtean Plentzian egin zen akuatloi proba batera apuntatzea erabaki nuen (korrika+igeri+korrika). Oso esperientzia polita eta ilusioz bete ninduen proba izan zen, eta horik aurrera, errepideko bizikleta erostea eta hurrengo urtean triatloiak probatzen hastea erabaki nuen.
Kirolak zer eman dizu?
Bizi-ilusioa. Modu pertsonalean, beste modu batera ``haztea´´ laguntzen nauena, urtetik urtera hobetzen jarraitzea.
Eta kendu?
Momentu batzuetan, hainbat gauza alde batera utzi behar izaten dira denbora hori entrenamenduei edota kirol probei eskaintzeko. Baina gustura egiten den ``sakrifizio txikia´´ denez, ez nuke esango ezer kendu didanik; handiagoa da kirolak emandakoa kendutakoa baino.
Orain Zumarragako Urola KE taldean zaude. Eskualdean ba al da triatloi talderik?
Aiaraldean momentuz, ez dago triatloi talderik baina ez dut uste denbora asko pasako denik talderik atera gabe.