JOSE LUIS NAVARROk (Laudio, 1943) gertutik ezagutzen ditu amiantoaren kalteak, arazoak eta ondorioak. Aceros de Llodio lantegiko fabrikazio arduraduna izan da urte askoan. Hainbat epaiketetan lekuko izan da.
Zure bizitzak lotura handia izan du amiantoarekin. Nolatan?
Aceros de Llodioko fabrikazio arduraduna izan naiz urte askotan. 1958tik 1991ra bertan egin nuen lan. 70.hamarkadan asbestoarekin -amiantoaren minerala- genuen harremana egunero 60-100 kilotakoa zen. Era askotan erabiltzen zen, baina bereziki sutik babesteko baliatzen zen. Paradoxikoa da, babes pertsonalerako erabiltzen zelako eskularruetan, petoetan, defentsarako pantailetan...
Zergatik da txarra?
Amiantoaren fibrak arnasketa bidez sartzen dira gorputzera. Arnasbidearen bidez, biriketara doaz. Edo, odol aparatura, minbizia sortuz. Asbestoak -amiantoaren mineralak- bost edo sei forma kristalino ditu. Horietako bat ez da minbizi sortzailea. Besteek, industrian 800 gradu baino gehiagotan erabiliz gero ez dute kalterik sortzen. Siderurgietan tenperatura handiekin lan egiten den arren -1500 gradu baino gehiago- prestaketa lanetan 300-600 gradutan erabiltzen da. Horrek, fibrak aireratzea dakar, baina ez dira deskonposatzen. Horregatik, hautsa giroan edo airean geratzea dakar, horregatik handia izaten da arnasteko arriskua.
Langileari edo familiari zertan eragiten dio?
Laneko arropa etxera garbitzeko eramatean posiblea da familia ere kaltetzea. Hori ez da emakumeekiko arrisku edo kalte bakarra. Etxeetan erabiltzen ziren plantxa elektriko batzuek ere mangoa eta txaparen artean amianto plaka batzuk izaten zituzten.
Azken urte hauetan egoera aldatu da?
Enpresek ez dute nahikoa segurtasun neurri hartu. Enpresak, aseguru konpainiak, Gizarte Segurantza... dira egoera honen erantzuleak, langileek material arriskutsu batzuekin lan egiten duten prozesuaren parte direlako.
Amiantoa orain askoz gutxiago erabiltzen da, eta kontu handiarekin. Alabaina, beste elementu arriskutsu batzuekiko jarrera axolagabea dago: geroz eta elementu ezezagun berri eta artifizial gehiago erabiltzen dira fabriketan, aurrera begira dituzten ondorioak aztertu gabe. Dena ez dago gaizki: babes neurriak eta osasun azterketak ere hobeak dira. Hurrengo belaunaldiek zailago izango dute.
Legeak zer dio?
Legeak ez direla erabili behar dio, baina ez da betetzen. Berunaren minioa toxikoa dela gauza jakina da duela mende batetik. 2005ean, oraindik, azpiegitura metalikoen babes neurrien araudiak babesteko minio kapen erabilera exijitzen zuten.
Enpresek, oro har, zelako jarrera dute?
Orokorrean, amiantoaren erabilera ukatu egiten dute. Bada okerragorik, halere: amiantoaren kalteak frogatzen direnean legearen zirrikituak baliatu egiten dituzte zor duten diruaren ordainketa atzeratzeko. Amiantoarena erantzukizun arazoa da, erabiltzaile eta erosle bakoitzak zer eta nola erabiltzen duen aztertu beharko lukeelako.
Sindikatuek zer eskatzen dute?
Nik ondo CCOOren irizpideak bakarrik ezagutzen ditut. Gaixotasun laboral gisa aitortzen saiatzen gara. Eta gero, langile edo familiari dagozkion konpentsazioak ematen: pentsioaren handitzea, indemnizazioak... Hori, baina, ez da aski. Amiantoa luzera ateratzen da, eta frogatzen denerako enpresak edo erantzuleak posible da ez existitzea. Estatu Batuetan Alstön Power eta beste puntako enpresa batzuk itxi egin ziren. Erantzukizuna kolektiboa da.
Jendartean arazoarekiko kontzientziaziorik ba al da?
Ez nahikoa. Laudion amiantoak kaltetutako jende asko dago baina ez dute salaketa jarri nahi. Jendeak beldurra dio. Herritarrei exijenteagoak izateko eskatuko nieke; enpresa eta instituzioek osasun laborala bermatu behar dute.