"Askotan torturaren helburua jendea ikaratzea da eta ez informazioa lortzea"

Aitor Aspuru Saez 2014ko ots. 13a, 09:30

DARRIN WOOD (Ohio, 1965) kazetaria da eta ikerketa ugari egin ditu, besteak beste torturaren inguruan. Gainera, Mexikon Nazioarteko Harremanen irakaslea izan da. Jose Arregiren hilketaren harira torturaren aurkako eguna egiten da Euskal Herrian eta praktika horren inguruko egoerari buruz mintzatu da.

 

Zergatik hurbildu zinen torturaren mundura?

DARRIN WOOD (Ohio, 1965) kazetaria da eta ikerketa ugari egin ditu, besteak beste torturaren aurka. Gainera, Mexikon Nazioarteko Harremanen inguruko klaseak eman ditu. Torturaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, praktika horren inguruko egoerari buruz mintzatu da.

 

Zergatik hurbildu zinen torturaren mundura?

Kazetari gisa beti interes handia izan dut nazioarteko gaietan, bereziki gatazkak, eta torturaren erabilera oso arrunta da munduan eta krimen larria da gobernuek egin dezaketen artean.

Bestalde giza eskubideek ere interesatu naute. Bide horretatik hasi nintzen ikertzen.

Artikuluak idatzi, ikastaroak eman ditut torturaren historia azaltzeko, ez baita gauza berria, hitzaldiak eman ditut torturaren erabilera herrialde ezberdinetan azaltzeko...

Afganistanen inbasioaren ostean piztu zen interesa munduan, nahiz eta hemen gai ezaguna izan beste arrazoiak direla medio. Baina nazioarte esparruan torturaren inguruan hitz egin da Afganistanen inbasioagatik eta Estatu Batuek eta beste herrialde batzuk egin dutenagatik, bereziki Al Qaeda-ren aurka.

 

Zein da torturaren historia?

Tortura beti existitu da. Baina torturari buruzko lehen eskuliburua XVII. Mendekoa da. Jesuita espainiar batek idatzi zuen. Konfesioak lortzeko tortura nola erabiltzen zituen deskribatu zuen. Inkisizio garaiak ziren eta tortura horien helburua ez zen egia lortzea, baizik eta toturatzaileek entzun nahi zuten lortzea.

Denborarekin hori aldatu da, torturak erabiltzen dira informazioa eskuratzeko.

Ikerketa ugari argitaratu dira XX. Eta XXI. Mendetan. Adibidez, Estatu Batuetan pilotu militarrak trebatzen dituztenean torturatzen dituzte jakin dezaten nola jasan behar dituzten tortura teknika batzuk.

Hala ere badakite jasangaitzak direla, baina behintzat saiatzen dira ahalik eta gehien irauten hitz egin baino lehen.

Adibidez, waterboarding teknika egiten diete. Estatu Batuek erabiltzen duten teknika da hori. Oihala jartzen diote torturatuari aurpegian (ahoan eta sudurrean) eta ura botatzen diote. Jendeakk sentitzen du itotzen ari dela.

Afganistanen tortura mota hori erabili dutenek sufritu dute jakin dezaten zer sentitzen duen torturatuak eta nola erabili daitekeen hobeto. Gauza nahiko ikaragarria da. Torturatzaileek sentitzen dute, nolabait, biktimak sufrituko duena.

 

Estatu Batuak aipatu dituzu, baina nahiko zabalduta dago torturaren praktika, ezta?

Zalantzan jartzen dut munduan herrialde batek tortura erabili ez duena. Human Rigth Watch edo Amnesty Internationaleko txostenak irakurtzen dituzunean konturatzen zara tortura hainbat herrialdetan erabiltzen dela.

Ez bakarrik gudetan, baita komisaldegitan ere. Informazioa lortzeko eta herritarrak beldurtzeko. Askotan torturaren erabileraren helburua ez da informazioa lortzea, jende ikaratzea baizik, gobernuaren aurka ezer egin ez dezan.

Egun suposatzen da aurreratzen gaudela giza eskubideen arloan, baina ez da horrela. Irailaren 11n egindako erasoen antolatzaile izateagatik, Al Qaedako kide bati 280 aldiz egin zioten waterboarding teknika. Torturatzaileek ezin zuten sinetsi, gehienez 20 aldiz jasaten dute biktimek teknika hori.

Estatu Espainiarrean ere arazo larria da tortura, ez bakarrik Hego Euskal Herrian, beste hainbat lekutan ere kasuak ematen dira.

 

Estatu Espainiarrean zeintzuk dira erabiltzen diren tortura teknikak?

Asko erabiltzen dira nork bere burua torturatzeko teknikak. Horrek esan nahi du jendea behartzen dutela ariketa fisikoak egiten (flexioak adibidez). Hasieran ez du minik egiten baina gero eta gehiago eginez gero mingarria bilakatzen da.

Bereziki eraginkorra dena modu honetan da bakoitzak bere burua torturatzen duela. Torturatzaileak ez du indarrik egiten. Aginduak besterik ez dituzte ematen torturatzaileek.

Eta hori okerragoa da, norbaitek jotzen zaituenean behintzat sentitzen duzu beste pertsona bat dela mina egiten dizuena eta horren aurka borrokatu dezakezu, baina nork bere burua torturatzen duenean ez dago aukera hori.

Gauza okerragoak ematen dira. Duela gutxi europar epaitegiak salatu zuen emakume bat bortxatu zutela. Emakume hori etakidea izateagatik atxilotu zuten. Espero dut aro berri honetan horrelako gauza gehiagorik ez gertatzea, oso larriak baitira.

Mendebaldean oso prest gaude hirugarren munduan gertatzen dena gaitzezteko baina gauza ikaragarriak gertatzen dira Mendebaldean. Okerragoa da hau, Mendebaldeak beti bere burua aurkezten baitu etika eredu gisa beste herrialdeen aurrean, nahiz eta zoru etikorik ez izan.

 

Ba al daude tortura eragozteko neurri eraginkorrak?

Leku askotan tortura oso kasu arrarotan gertatzen da. Ekiditeko moduak daude, adibidez, abokatu bat izendatzen atxilotuari, galdeketak grabatzen, atxilotuaren konfidatzazko pertsona bat egoten galdeteketetan... Munduko herrialde gehienetan horrelako neurriek funtzionatzen dute.

Estatu Espainiarrean posible litzateke gobernuak nahi izango balu. Epaileek ere ikertu beharko lituzkete salaketak.

Baina galdeketak grabatzea eta konfindantzazko abokatuak eta medikuak jartzea posible da. Gobernuaren borondatea falta da.

 

Obamarekin torturaren egoera aldatu da estatu Batuetan?

Bai. Egun suposatzen da Estatu Batuetan ez dela torturatzen. Baina badaude giza eskubideak urratzeko hainbat modu. Ez daude tortura erabiltzen informazioa lortzeko, baina duela gutxi Guantanamon gose greba egin zuten presoek.

Preso gehienek ez dute zerikusirik Al Qaedarekin, baina hartzeko prest dagoen herrialderik ez dago. Gose greba luzea izan zen eta Guantanamoko komandanteak erabaki zuen grebalariak elikatu behar zituztela. Beraz, indarra eta tutuak erabiliz -ahoan eta sudurrean sartuz- elikatu zituzten. Orokorrean, prozedura horrek mina sortzen du ospitalean, baina militarrek egiten dutenean, anestesiarik gabe, gauza basatia da. Eta hilabetetan zehar egin zuten. Egunero behin baino gehiagotan.

Niretzat hori tortura mota bat da.

Oraindik kasuak ematen dira baina ez da Irailaren 11ko erasoen ostean bezala. Ez dago hain hedatuta.

Horrek harremana du gauza ezberdinekin. Bitarteko eraginkorragoen bila daude eta Irak eta Afganistaneko indar militarrak joaten ari dira.

 

Bukatzeko, zer uste duzu jendeak jakin behar duela torturaren inguruan?

Pertsona askok uste dute ez dutela inoiz hitz egingo, nahiz eta torturatu, indartsuak direla uste dute. Eta hori gezurra da. Jende gehienak hitz egiten du.

Badaude hitz egiten ez duten pertsonak, baina salbuespenak dira. Gainera inork ez daki zer pertsona mota den hitz egiten ez duena. Ez dago profil zehatzik. Batzutan indartsuena ematen duenak ez du jasaten eta ahula ematen duenak erresistitzen du.

Eta askotan telebistan ikusi ditugun tortura irudi horiek -kolpeen ondorioz jendeak berehala hitz egitea- ez dira errealak. Galdeketa eraginkorrenetan joko psikologikoak erabiltzen dituzte, baina jende askok oraindik pentsatzen du tortura fisikoa dela bitarteko hoberena informazioa lortzeko.

Guztiz normala da pertsona bat sufritzen duenean mina gelditzeko gogoak izatea. Zentzu berean, oso gogorra da lo eta jan egin gabe edota zein ordu den jakin gabe egotea, pertsonak ez baitaki zer gertatzen ari den. Erreza da torturatzaileentzat egoera horretan, eskaintzen bitartez, nahi dituzten gauzak lortzea.

Dena den, nik uste hemen liburu oso interesgarria argitaratu dutela: "El manual del torturador español". Egileak ikerketa oso ona egin du.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide