Atzo berretsi zuen Gasteizko Administrazio Epaitegiak Pablo Gorostiaga pregoilari izatearen debekua. Udalak alegazioak aurkeztu zituen arren, abuztuaren 7an ezarritako kautelazko neurria mantendu du epaileak. Gaur 19:00etan egitekoa zen pregoiaren irakurketa udalbatzan, baina debekua medio bertan behera geratu da. Horren ordez, ekitaldi berezia egingo dute ordu berean herriko plazan. Nola Jai Batzordeak hala Jaiak Koordinakundeak bertan parte hartzeko deia luzatu dute.
Salbuespenezko prozedura
Udal Gobernu Taldeak, Bilduk, salatu duenez epaitegiak ez dio helegite eraginkor bat aurkezteko aukerarik eskaini, helegitearen erantzuna ez litzatekeelako inolaz ere pregoiaren irakurketa baino lehenago izango. "Hortaz, erabakiak ezinezkoa egiten du Laudioko jaiei hasiera eman behar zion pregoiaren irakurketa herritarrek erabaki bezala eta behar zuen normaltasunez garatzea", erantsi dute.
Epaileek erabilitako prozedura kritikatu dute: "Ez dago epai edo erabaki irmorik, prozedura salbuespenezkoa izan da eta berme gutxikoa, erabakiak ez du Laudioko ez Euskal Herriko errealitatearekin bat egiten". Pablo Gorostiaga pregoilari izatea prozedura parte hartzaile baten ondorioz herritarren erabakia izan dela gogorarazi dute. "Inposatzen zaigun debekuak arrazoi politiko eta alderdikoiak besterik ez ditu atzean".
Haatik, udal gobernuak bere esku zegoen guztia egin duela adierazi du: "Kasu honetan espainiar Gobernu Delegatuaren itzala nagusituko da, baina udal gobernu honek bere horretan jarraiutko du herritarren borondatearen errespetua eta parte hartzea bere jardueraren eta Laudioko etorkizunaren ipar orratza izan daitezen". Herritarrei mezu argia luzatu diete: "Jaietako pregoiak zentsuratu eta Palbo Gorostiaga moduko pertsonak bere herrikideen errespetu eta estimua jaso eta jaietan oroitua izatea debekatu nahi dutenen aurrean, laudioar guztiak animatu nahi ditugu traba eta muga guztien gainetik jaiak alaitsu eta kementsu ospatzera". Baita Euskal Herriari ere: "Udal Gobernu honek bere esku daogen guzita egiten jarraituko du Laudiok eta Euskal Herriak oraindik bizi dituen jazarpen egoerak gainditu eta herritar guztien eskubideak errespetatuak izango diren eszenatoki bat eraikitzeko gure ekarpena egiten".
EAJren oharra
EAJk, bestalde, Laudioko Bilduk proposatu eta mantendutako pregoilaria aurrez pentsatutako erabakia dela salatu du: "Interes partidista eta gure herrian izan zezakeen eraginaren jakitun zirela irizten dugu. Horregatik, arduragabekeri politiko baten aurrean gaudela pentsatzen dugu". Jeltzaleen iritziz oker politikoari gobernu espainiarraren ordezkariek tentsioa sortzea jarri diote helburu normalizazio politikoa bermatu beharrean. Horregatik, era horretako erabakiek euskal eta Laudioko gizartean eman behar diren aldaketak eta bizikidetasun demokratiko baten lorpena atzeratzeko soilik balio dutela nabarmendu dute.
Alabaina, EAJren jarrera jaieteko programaren barnean sartuta dagoen ekitaldian parte hartzea dela berretsi dute: "gure babesa ematea jaietako pregoi aktuari, baina era berean, uko egiten diogu partehartzeari bai Bildu eta bai PP ekitaldi honetaz egiten ari diren instrumentalizazio politikoan.Ez gara sartuko Urkijotarren joku honetan, instituzioak erabiltzen ari direlako beraien alderdi estrategietarako, Laudioko jaien garapen normalizatua arriskuan jarriz".