Hezkuntza Jardunaldiak antolatu ditu Laudio Ikastolak astelehenetik ostegunera, urtarrilaren 20tik 23ra. Luzatuko den hitzaldi sorta izango da. Adin ezberdineko haur, ume eta gazteen ikaskuntza prozesuan azaltzen diren erronka ezberdinei erantzuteko ikusmira berriak proposatuko dituzte gonbidatutako adituek.
Hitzaldi guztiak Laudioko Udaleko gela balioanitzean, Herriko Plazan burutuko dituzte arratsaldeko 17:30ean. Astelehen eta osteguneko hitzaldiak euskaraz eskainiko dituzte, asteartekoa elebidunez eta asteazkenekoa gaztelaniaz.
Urtarrilaren 20an “Jolastu Gabe hilko nintzateke. Pikler ikuspegiaren oinarriak”hitzaldia eskainiko du Txusma Azkonak, Lizarrako ARIETA udal haur eskolako zuzendaria eta Haur Hezkuntzako irakaslea.
Urtarrilaren 21eanLeire Uriarte, Mondragon Unibertsitateko Hezkuntza eta Gizarte fakultateko kidearen txanda izango da. “Nire etorkizunerako ibilbidearen protagonista naiz”gaia jorratuko du
Urtarrilaren 22an “Gazteen aisialdia: garapen pertsonalerako bide eta alternatiba”gaiari helduko dio Idurre Lazkanok. Aisiazko Ikaskuntzen Institutuko ikertzailea da hizlaria, pedagogian lizentziatua eta Aisia eta Giza-garapenean doktorea
Urtarrilaren 23an “Ez dut garrasirik egin nahi!”esaldiaren paradoxa azaltzen saiatuko da Nerea Mendizabal psikopedagogo eta gizarte hezitzaileak.
Bestalde, Orientazio Akademiko eta Profesionalerako 4. azoka ospatuko da urtarrilaren 17an, “Etorkizunari begira” lemapean 15:30etatik 19:00ak bitartean, Berrikuntzaz betetako edizio izango delarik. Batxilergoko ikasleei zuzendutako ekintza honek hainbat unibertsitate eta Lanbide Ikastetxeetako informazioa norberaren beharretara egokituta eskuratzeko aukera eskainiko du. Ikastolako Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasle eta gurasoez gain, eskaintza honen inguruan interesa izan dezakeen edonori irekita egongo da azoka.