Ganbegik, otsailaren 1 eta 2an Laudion antolatutako Espainiako Txapelketako Sektor Fasea jokatu ondoren, ezetz esan behar izan dio Ourensen egin den Gizonezko Lehenengo Mailako Espaniako Txapelketan parte hartzeari, zortzi onenen artean egoteko, jokalarien kuota ezohikoak aintzat hartuta, joateko diru nahikoa ez izateagatik.
Jokalarien kopuru nahiko handia izanda ere, 90 inguru federatu eta eskolar mailako kirolariak kontuan hartuta, denak aiaraldekoak, egoera ekonomikoa ez da batere erraza, entitate publikoen laguntzak ez dira asko, eta diru-sarrera pribatuak oso eskasak.
Etorkizunari begira
Arabako Hockey Federazioak, denboraldia amaitu baino lehen, martxan jarri nahi ditu plan ezberdinak datozen urteetan helburu berriak izateko eta lortzeko, esaterako sustapen plana, lehiaketen antolakuntza berria, autofinantzaketa plana…
Ahalegin asko aurrera egiteko
Azken denboraldietan zehar, hockeyaren osasuna indarberritzeko ahalegin asko egin dira, bai Arabako Hockey Federaziotik zein lehiaketa ofizialetan mantentzen diren klubetatik, parte hartzeko jardunaldiak, txapelketak, trebakuntza ekitaldiak eta beste ekintzak. Horregatik, gaur egun, nahiz eta Arabatarrak eta Aiara Hockey Taldeak orain dela urte batzuk desagertu ziren, Ganbegi estatu mailan mantentzen da, arazo ekonomiko eta ahalegin handiekin. Talde berriak agertu dira , Federazio eta Ganbegiko lehenengo eta bigarren mailako jokalarien laguntzarekin, ikastetxe ezberdinetan; Aretan, La Milagrosan, Laudio Ikastolan, Latiorron, baita beste herrietan ere, Luiaondon, adibidez.
Historia luzeko kirola eskualdean
Orain dela hogeita bost urte baino gehiago hasi zen hockey zaletasuna Aiaraldean. Laudiokoek estatuko talde onenekin lehiatzen egon dira denboraldi askotan. Arabatarrak, Ganbegi eta Aiara Hockey Taldeak egon dira, belar nola areto hockeyan, txapelketa ugaritan emaitza ezinhobeekin. Eta beste klubak, Fomento, Hockey Laudio, Aiarako Saraube, Satorrak, Rapid APILL… ere arrakastatsuak izan dira Euskal eta Arabako Txapelketetan.
Areto Hockeyan lortutako 90 hamarkadako Arabatarrak eta Ganbegiren tituluak Espainiako Emakumezko Gazte Mailako Txapelketan, Aiara Hockey Taldeko zilarrezko domina 2001/2002 denboraldian Emakumezko Lehenengo Mailako Txapelketan, Ganbegiren 7. Postua 2011/2012 denboraldian Gizonezko Lehenengo Mailakoan, edo Aiara Hockey Taldeko Belar Hockeyko Ohorezko Mailan jokatutako denboraldiak izan dira arrakasta garrantzitsuenak.